ELAk aurrera egin du elkarrizketa sozialaren sindikalismoaren aurrean
Langileen ordezkaritza eskubideari buruzko arauak Langileen Estatutuan (61.etik 76. artikuluraino) eta Hauteskunde Sindikalen Arautegian jasota daude; hauei erantsi behar zaizkie funtzionarioen eremuan garatu diren arautegi bereziak. Arauok markatzen dute hauteskunde sindikaletako joko-zelaia.
Lantoki batean hauteskunde sindikalak izaten direnean langileak ez du soilik bere ordezkaria hautatzen; horrekin batera, sektoreko hitzarmenetako mahaiak nola osatuko diren erabakitzen du, baita lurralde-eremuko ordezkaritza ere. Horregatik, hauteskunde sindikalen garrantzia hirukoitza da, eta eredu sindikal bati zein besteari ematen diote zilegitasuna.
ELAren ereduaren oinarriak dira atal sindikalak, afiliazioa eta lantokiekiko hurbiltasuna. Aitzitik, UGTren eta CCOOen sindikalismo estatalak trantsizio delakoaren hasieratik monopolio sindikala bereganatu nahi izan du, oinarritzat edukirik gabeko elkarrizketa soziala hartuz eta estatuko aurrekontuetatik finantziatuz.
Lehenengo hauteskundeak izan eta 43 urte igaro direnean datuek diote ELA, UGT eta CCOO 100 ordezkariko aldearekin iritsi direla 2021eko abenduaren 31era (UGTk 1.579 delegatu ditu, CCOOk, 1.552, eta ELAk, 1.468); nabarmen atzerago geratu da LAB, 1.111 ordezkarirekin.
2021ean ELA izan da aurrez zuen kopuruaren aldean ordezkari gehien batu dituen sindikatua; horrela gure marka historikoaren parean kokatu gara, ordezkari kopuruari dagokionez, eta ia %23ko ordezkaritzarekin, 1978an %4a besterik ez genuelarik. Gainera, lurralde guztian zehar ordezkaritza homogeneoa duen sindikatu bakarra gara, baita Erriberan ezarpen erreala duen erakunde abertzale bakarra ere.
2021eko hauteskundeetan berriz ere egiaztatu da UGTk eta CCOOk ez dutela langilen nafarren %50 ere ordezkatzen; Estatuan halakorik soilik Nafarroan eta EAEn gertatzen da. Bi sindikatuek urtez urte hauteskundeetan gainbeheran doaz (2010ean ordezkaritzaren %56 zuten, eta 2021ean ez dira %49ra iritsi). Errealitate honek zalantzan jartzen du Nafarroan ezarrita dagoen elkarrizketa sozialaren zilegitasun demokratikoa. Horregatik, are indar handiagoz salatu behar da UGT eta CCOOentzako finantziazio publikoa berrezarri izana: Enplegu Planaren bidez 700 milioi euro kudeatuko dituzte, eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek ere sail espezifikoak jaso ditu bi sindikatu horientzat. Gogoratu beharra dago lehenengo aldiz egin dutela posible Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak diru publikoa UGT eta CCOOentzat bideratzen duten aurrekontuak aurrera atera izana.
Horrenbestez, ELAk aintzat hartu nahi du bere militanteen lana, ezinbestekoa izan baita 2021eko hauteskunde sindikaletan irabazteko eta ordezkari kopuruan gure marka historikoan kokatzeko. ELA lantokietan jasotzen ari den sostengu gero eta handiagoak indartu egiten du gure eredua, independentzia ekonomiko eta politikoa duen sindikalismoa, eta hau langile nafarren baldintzak hobetzeko baliatu behar dugu. Aurrera egiten eta hazten ari gara!!!