ELAren intentzioak auzitan (Astekaria 148, editoriala)
ELAren XI Kongresu ostean hainbat iritzi kritiko azaldu da gure sindikatuari buruz, ezker abertzale ofizialaren inguruko sektore jakin batzutan. Adierazpen horietan, ordea, ELAk bere kongresuan esan duenari edota egunero egiten duen lanari buruzko kritikak baino intentzioen inguruko juzkuak islatzen dira. "Kontuz ELArekin -diote-, itxuraz gauza bat bada ere, bere benetako izaera eta asmoak bestelakoak izan bailitezke". ELA fidagarria ez dela argudiatzeko historia eta, behar izanez gero, genealogia ere nahierara erabiltzen dira.
Badirudi kritika hauek bizi dugun egoera sindikal eta politiko honetan ELAk jokatzen duen paperari buruzko bertsio ofiziala eman nahi dutela eta, bide batez, sindikalismo abertzalearen baitan eman den krisiaren erantzukizuna guztiz ELAri leporatu; horrela, gainera, ELAk sektore abertzale zabalen artean lortu duen sinesgarritasuna pitzatuko litzateke. Kutsu defentsiboa dario, inolaz ere, bertsio ofizial horri.
ELArentzat negoziazio kolektiboan eta arlo politikoan bizi dugun LABekiko krisia tamalgarria da, batzuren eta besteon indarrak ahultzen baititu; inor ez dabil indarrez sobera. Baina uste dugu, boluntarismoa alde batera utzita, gauzak diren moduan onartu beharra dagoela.
Batetik, negoziazio kolektiboan bi sindikatuen artean dauden arazoak ez dira axalekoak, sakonak baizik, 2004ko akordioaren porrotak garbi utzi duenez, eta ez dira epe laburrean konponduko. Hori kontutan izanik ari gara dagoeneko datorren urteko hitzarmenen negoziazioa prestatzen.
Arlo politikoan, berriz, Anoetako mezu baikorren eta aldarrikatu ziren balore berrien gauzatzea inoren konpromisoen ordaintzat ulertzen bada, LABekiko lankidetza abian jartzeko baldintzak ez dira berehalakoak. Egoera zaila, beraz, ahal den patxada handienaz igaro beharrekoa, ahal diren lankidetza esparru apurrak zainduz eta bi erakundeen artean ahal den komunikazioari eutsiz.