Elkartasun politikak baztertu dituzte
Euren politikak babes gehien behar duen jendea kolpatzen du: erreforma laborala eta negoziazio kolektiboarena, pentsioen eta gizarte-gastuaren murrizketa, pribatizazioak, zerga-politika injustua, enplegua sortzeko politikei uko egitea... Erabaki hauek injustuak dira, baina gainera gero eta handiagoa den langabezia ez dute konpontzen; aldiz, gero eta lanpostu gehiago galtzen ari da. Kapitalak, eskuineko politikak hegemoniko diren honetan, badaki botere handiagoa lortzeko une hau ezin egokiagoa dela beretzat. Badaki beregana hurreratu nahi duten alderdiak plastilinaren gisan molda daitezkeela, eta gobernuak panpinak besterik ez direla bere eskuetan. Bitartean, botere politikoak bere erantzukizuna ezkutatu eta propagandaz estali nahi ditu bere lotsak. Politikan garai erreakzionario bat bizi dugu; erreforma laborala eta zerga-politikan nola gauzatzen ari den ikus dezakegu.
Banketxeek ordaindutako ‘adituei’ onartu egin zaie eztabaida sozial eta politikoaren lekua har dezaten. Aditu horiek taxutzen dute gobernuen agenda, erreforma antisozialak exigituz. Beren proposamenek oihartzun handia izan ohi dute komunikabide handietan, hauek gizarteratu egiten dituzte eta botere ekonomikoarekin pribilegiozko harremana bilatzen duten alderdiek gauzatzen dituzte.
Adibidez, ‘adituok’ esaten dute lan-merkatuaren arazoa aldi baterako langileen eta finkoen arteko dualitatea dela, eta politikari askok loroen moduan errepikatzen dute ‘dualitatea’ dela arazoa. ‘Adituek’ ez dute esaten aldi baterako enpleguaren zati handi bat lege-iruzurraren ondorio dela, lan-agintaritzak ezikusiarena egin duelako; ezkutatu egiten dute ugazabei iruzurra debalde ateratzen zaiela. Honelako manipulazioekin osatzen dute nahi duten irtenbidea: langileari eta kontratuari kendu egin behar zaizkio eskubideak eta eskaintzen duen babesa. Hauxe da -baiezkoa edo abstentzioa emanda- erreforma laborala onartu dutenek ezarri diguten erreforma laboralaren mamia. PPk ezezko botoa eman zuen, baina hauteskundeei begira bakarrik: hau funtsean bere erreforma ere bada.
Jarrera honek saihestu egiten du gatazka soziala badenik ere, eta hau ezin dugu onartu. ‘Gatazka’ gure artekoa dela onar dezagun nahi dute; geu garela gure etsaiak. Areago, etsai horiek nortzu diren ere esaten digute: lan finkoa dutenak, arlo publikoan lan egiten dutenak, immigranteak, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeak, oinarrizko errenta jasotzen dutenak... Errudunen zerrendan ez dago ez bankaririk, ez botere ekonomikoaren nominan dagoen politikaririk edo espekulazioari esker aberastu den enpresabururik, ezta ustelkeriak jotako agintaririk ere... Hauek guztiek ez omen dute errurik, eta gainera onura gehiago eman nahi dizkiete. Hau manipulazio interesatua da. Izan ere, kapitala inoiz baino gehiago metatu den aldi baten ostean baitator, eta metatze hori politika neoliberalek erraztu dute; lan-merkatuan eta arlo sozialean prekarietatea hedatu eta eztabaida politikotik funtsezko gaia kanporatu dute, aberastasuna banatzeko era gero eta injustuagoa alegia.
Erreforma honen asmoa enplegua suntsitzeko helburua erraztea izan da, patronalarentzat inoiz baino merkeagoa izan dadin. Erreforma honekin aldi baterako langile bat ere ez da finko bilakatu ahal izango. Argi dago lege-aldaketa bultza dutenek ugazabarik erreakzionarioenen interesen alde egin dutela.
ZERGA-POLITIKA EZ DUTE ELKARTASUNAREN ZERBITZURA IPINI NAHI
PSE-PSNk, EAJk, PPk eta UPNk ez dute diru-kutxa publikoak hustu dituen zerga-politika aldatu nahi. Alderdi horien artean, erretorika gorabehera, isilpeko itun bat dago indarrean. Elkarrekin ez direla konpontzen pentsarazi nahi lukete, baina politika ekonomiko eta sozialari dagokionez, bederen, bat datoz: aurrekontuak, zerga-politika, erreformak, pribatizazioak...
Zergekin gertatzen ari dena latza da: urtetan errenta handienek eta kapitalak ordaintzen dituzten zergak murriztu egin dituzte. Aurrekontuetan superabita zegoenean egin dute, baina baita orain ere, defizita handia denean. Lotsagabe jokatu dute. Iruzur fiskala ere hor baitago; edota paradisu fiskaletara ihesi doazen kapitalen kopurua izugarria baita (honetaz ezer gutxi esaten den arren). Gezurra diote Europan baino zerga gehiago ordaintzen dugula esaten dutenek. Gezurretan ari dira euskal ogasunetako arduradunak berton Espainian baino zerga gehiago ordaintzen dugula esaten dutenean. Hori ez da egia. Bertoko zerga-presioa Espainian baino apalagoa da: Hego Euskal Herrian 8.150 € gehiago bil litezke EBko batez besteko zerga-presioa balego, eta 3.000 milioi gehiago, Espainiaren parekoa balitz.
ELAk esan izan du: euskal ogasunek arau fiskalak onartzeko prozedura aurredemokratikoa da. Hemen gertatzen dena beste inon ez da ikusten. Zergak ezarri aurretik ez da informaziorik ematen, ez kontsultarik egiten. EAEko Zerga-Koordinaziorako Organoak –diputazioek eta Jaurlaritzak osatua- nahierara egin eta desegiten du; zergak ondasun pribatu legez erabiltzen ditu. Logia sekreturen batek ogasunek baino gardenago jokatzen du. Kontseilu ekonomiko eta sozialari ez diote kontsultarik egiten (ELAk horregatik aldegin zuen bertatik, besteak beste). Zerga-politika oro har ezkutuko gauza gisa kudeatzen da.
Egun administrazio guztiak gastuak murrizten ari dira, baita onartuta zeuden aurrekontuetan ere. Murrizten diren gastuak oinarrizko arloei dagozkie: pertsonalaren kontratazioa, langile publikoen soldatak, osasuneko eta irakaskuntzako gizarte-gastua, azpiegiturak, nazioarteko lankidetza; zerbitzuak ixten dituzte... Gizarte-gastua murriztu egiten da, eta goian aipatu ditugun alderdi horiek nahiago dute hori zerga-politika aldatu baino.
Ia ez dago eztabaida sozialik; aitzitik, informazio manipulatua ematen diote gizarteari. Horregatik joka dezakete horren lasai. Baina ezartzen dizkiguten politika antisozialek are gehiago nabarmentzen dute sindikalismoak kontrabotere izan behar duela; eta esparru orotan antolatu eta lehiatzeko gauza diren militanteak dira sindikalismo horren oinarria.
Adolfo Muñoz Sanz
ELAko idazkari nagusia