Emakumeenganako indarkeria eta prekarietatearen aurka, denok aurrera!
Mundu osoko eremu guztietako emakumeok diskriminazioa eta bereizkeria pairatzen jarraitzen dugu. 2006ko Martxoaren 8 honetan, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta ELB sindikatuok emakumeok Euskal Herrian bizi dugun indarkeria eta prekarietatea gogor salatu nahi ditugu.
Legeek berdintasun formala aldarrikatzen badute ere, Eusko Jaurlaritzak ateratako Berdintasun Legea, Nafarroako Gobernua lantzen ari den Berdintasun Plana edo Frantziako Estatuak hartu dituen neurriak esaterako, gure herriaren errealitate soziala, politikoa eta lanekoa oso bestelakoak dira. Banaka zein kolektiboki, injustiziak, desberdintasunak eta diskriminazioak gure eguneroko bizitzaren parte dira.
Ezinbesteko zereginak, aitorpenik barik
Lana eta bizitza pribatuari buruz hitz egiten digute, berba politak eta hanpatuak erabiltzen dituzte emakume eta gizonen arteko parekidetasuna existitzen dela argudiatuz. Utopia hutsa. Menpekotasunen bat duten pertsonak artatzeko beharrezkoak diren lan eta betebehar gehienak ez dituzte erakundeek betetzen. Familiak dira, eta hauen barruan emakumeak, zaintza lanak egiten dituztenak. Urteetan zehar egin duten zeregina da, gizarteak ezarri dien betebeharra, alegia. Besteak zaintzera derrigortuta egotea ez da zalantzan jarri.
Urteetan zehar emakume baserritarrek egindako zeregin ugari lapurtu eta ilegalizatu egin dituzte. Bizitza eta natur baliabideen pribatizazioak administrazioen oniritzi eta isiltasunaz aurrera darrai.
Administrazio publikoek eta komunikabideek emakumeen langabezia tasak behera egin duela errepikatzen dute behin eta berriz. Halere, tranpa duen egia da hau. Behin-behinekotasuna lanean, diskriminazioa soldatetan, ezegonkortasuna, behar askoren feminizazioa, azpikontratazioa. Emakumeek lanean pairatzen duten adibide nabarmenenak dira. Ezin ditugu etorkinak ahaztu, euretariko askok eta askok klandestinitatean bizitzera derrigortuta jarraitzen baitute. Argazki iluna, zalantzarik barik.
Indarkeria, desberdintasunaren adierazte gorena
Gizartean gailentzen den botere patriarkalaren erakusle argiena indarkeria da. Urtero hainbat emakume hiltzen dira emakumeen kontrako indarkeriarengatik. Iaz Euskal Herrian 10 emakume hil ziren eta beste askok tratu txarrak jasan zituzten. Batzuk salatzera ausartzen dira beste hainbati, ostera, ez zaie horretarako indarrik gelditzen.
Instituzioek ez dute behar beste bitarteko zuzentzen eurek egindako legeetan islatzen dituzten asmoak gauzatzeko. Lan munduan ez zaio diskriminazio eta bereizkeriari aurre egiten eta ez da emakumeak gutxiesten dituzten rolei amaiera emango dien eredu sozial bat eraikitzen.
Emakumeok pairatzen dugun prekarietatea eta indarkeriari amaiera jartzea dira aurtengo martxoaren 8ko xedeak. Urte osoan zehar bitartekoak jarri behar ditugu emakume eta gizonen arteko errespetu eta parekidetasunean oinarrituko den gizartea eraikitzeko.
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta ELB