Emakumeok zaindu bai, baina gu nork zaintzen gaitu?
Haurrak eskolara eraman, nagusiak zaindu, etxekoentzat bazkaria prestatu, menpekotasunen bat duten per-tsonak artatu... Emakume askok eta askok egunero egiten ditugun zereginak dira. Historikoki emakumeongan ezarri den betebeharra da besteen zaintza. Hori gutxi balitz, ez da sekula aitortu ezta baloratu ere pertsonak bizirauteko hain garrantzitsua den lan hau. Emakumeok lan merkatura sartu gara, etxean eta kanpoan lan egiten dugu, baina zoritxarrez ez da desagertu eredu patriarkalak ezarritako egitura. Bizitzaren zaintzan emakumeari egozten zaion neurri gabeko ardura dugu aurtengo martxoaren 8ko aldarri nagusi ELA sindikatuan. "Denon kontua, emakumeon kontura?" dio gure leloak, izan ere, horixe da dugun errealitatea. Bizitzaren zaintza denon kontua da, inondik ere, denok izaten baitugu inoren zainketa edo laguntzaren premia gure bizitzako uneren batean edo bestean. Argi dago laguntzarik barik ez genukeela bizitza duina izateko aukerarik.
Zaintza denon kontua da eta ardura politiko eta soziala eskatzen duen per-tsona guztion eskubidea dela aldarrika-tzen dugu gogor eta ozen. Oraindik ere kontu honekiko emakumezkoek eta gizonezkoek bere gain hartzen duten arduraren neurria oso desberdina da. Etxean edo senitartean egiten den zaintza lanaren %80 baino gehiago emakumezkoek egiten dutela diote datuek. Are gehiago, datuek eta estatistikek argi erakusten dute lan murrizketak eta eszedentziak eskatzen dituzten pertsonen %95 baino gehiago emakumezkoak direla.
Lana eta bizitza pribatua uztartzeko neurriei buruz hitz egiten digute politikari eta instituzioek. Baina, ze kontziliazio? Noren kontura? Emakumeok etxetik kanpo lan egiten dugun arren, gai honen inguruan jendartean zabalduta dagoen ikuspuntua aldatu ez dela dirudi. Ahal bezala eta sakrifizio handiz uztartu behar ditugu lana eta bizitza pribatua; hori bai, zaintzarako zerbitzu publikoen (haurtzaindegiak, zahar egoitzak, eguneko zentro edo etxez-etxeko asistentzia zerbitzuak) eskaintza publiko eta unibertsalik gabe.
Menpeko pertsonen zaintza senitartetik landa egiten denean ere, emakumeak izan ohi gara, nagusiki, zaintzaileak. Sarritan arautu gabeko lan beltzaren bidez; emakume etorkinak dira, gero eta gehiago, horretan ari direnak, baldintza kaskarretan eta inolako eskubide sozialik gabe. Lana kontratu baten bitartez arautzen denean ere, prekarietatea eta baldintza txarrak izan ohi dira nagusi. Zaintza enpresa edo erakundeek eskaintzen dutenean, emakumeona da, gehienbat, "eskulana". Guri dagokigu, hortaz, azpikontratazio eta pribatizazio politiken ondorioak pairatzea: lan baldintza txarrak, soldata kaskarrak, lanordu luze eta ordutegi zehatzik gabekoak, lanpostuen segurtasunik eza...
Egoera ezin da onartu. Emakumeok jasaten dugun injustizia latz honi aurre egiteko gizonezkoek zaintza lanean inplikatu beharra dute. Halere, gizonezko senideen inplikazioan aurrera egitea ez da nahikoa; zaintzari buruzko ikusmoldea aldatu behar da eta pertsona orok zaindua izateko duen eskubidea onartu. Izan ere, pertsonen zaintzarekiko ardura sendiaren baitara mugatu eta gizarteak erantzukizun hori beretzat hartzen ez duen bitartean, ez zaio arazoari helduko eta emakume asko eta askok behartutako mirabe izaten segitu beharko du.
Emakumea, emakume izatearren, ez da zaintzaren profesionala. Ez, ez dezatela egin gure kontura. Pertsonen zaintzak ardura sozial eta politikoa izan behar du.
Itziar Gabikagogeaskoa
Genero Politikako arduraduna