Enbor beretik (Astekaria 220. Editoriala)
Nazio Kontseiluak hartutako erabakiekin ELAk beste urrats bat eman berri du antolakuntza mailan. Duela urte batzuetako konpromisoari eutsiz eta berrikuntza prozesua era mailakatuan sustatzeko xedez, erakundea eraberritzen joan da bere egitura guztietan.
ELAren berreraketa garaian, legezkotasun historikoan babesturik, belaunaldi oso baten konpromisoari esker, ELAren garapenean giltzarri bilakatu ziren zutabeak ezarri ziren. Proiektu eraginkor eta biziki erakargarria langileen artean eta gizarte osoan hedatzen joateko, gizon-emakume askoren ekarpena norbanakoa eta kolektiboa funtsezkoa izan zen garaian garaiko zailtasunak gainditzen joateko.
Urteotako ibilbide trinko honetan, proiektua hezurmamitzen joan da, sendotzen; abertzale garen heinean nazio askapenerako ekarpenak burutzen eta klase ikuspegitik langile kontzientzia areagotzen. Gure izatearen berezkoak diren ezaugarri biak ardatz harturik erakundea gorpuzten eta handitzen joan gara.
Gizartean erroturik nahi duen proiektu orok militanteak behar ditu. Beraiek dira, elkar errekonozituaz, proiektu baten inguruko atxikimenduak hedatzen nahitaezko eragileak. Aurreko militanteen erakutsiak balio handia du gizartearen beharrizan berriei militante berri eta gehiagorekin heltzeko. Baina militanteak ez dira nolanahi topatzen, ez dira kasualitate hutsez sortzen. Proiektua erakargarria izanik, begi aurreko lausoak astindu eta militanteak atzematen saiatu behar dugu. Saiakera horrek emaitza oparoak izango ditu zalantzarik gabe.
Orain kargua uztear dagoen German, beste askorekin batera, belaunaldi horren lekuko eta adierazle nabaria da. Bere militantzia ELAn bizi proiektuaren muinean kokatuz, abertzaletasuna eta klase mugimenduaren hedapenari ekarpen garran-tzizkoa eskaini dio ere. Hain eskasa eta preziatua den militantzia susta-tzen bere ikasbide eta erakuspenak balio handia dute. Lasai egon daiteke: zuhaitz lerdenaren enbor beretik sortuko dira besteak...