Energia nuklearrik ez, Garoña itxi
Japoniako historiaren lurrikara bortitzenak eta honen ondorengo tsunamiak Fukushimako zentral nuklearrean akatsak eragin zituen eta ezin izan ziren emergentzia neurriak aktibatu elektrizitate hornidurarik gabe geratu zelako. Zentral hauetan erabiltzen den teknologia oso aurreratua da baina begibistakoa da oso hauskorra ere badela. Gertakari multzo honek suteak eta leherketak eragin zituen erreaktoreetan eta erradiaktibitatea zenbait kilometrotan zabaldu da. Ez dakigu zer ari den gertatzen, eta okerrago, ez dakigu zer gerta daitekeen, egoera oraindik ez baitago kontrolpean. Berriro ere energia nuklearrari dagokionez informazioa eta gardentasuna falta da. Ez da gai arina.
Europan gobernuak beraien politika nuklearra birplanteatzen ari dira, eztabaida ireki da berriro. Alemaniako kanziller Angela Merkelek alemaniako zentralak geldiarazi ditu hiru hilabetez, politika nuklearra aztertzeko. Europar Komisioko energia komisarioak japoniako egoera apokalipsi bezala deskribatu du. Txinako gobernua ere bere hazkunde nuklearra birplanteatzen ari da. Eta zer dio espainiako gobernuak bitartean? Zentral nuklearren segurtasuna egiaztatuko duela, hori nahikoa izango balitz bezala.
Baina Zapaterok erabakiak hartu ditu. Otsailean Ekonomia Jasangarrirako Legea onartu zen, zeinek espainiako zentralen bizitza 40 urtekoa izateko muga ezabatzen duen. Honen ordez, orain zentralen bizitza mugagabea da, beti ere “segurtasun neurriak betetzen badituzte”. Fukushimak ere betetzen zituen, betetzeari utzi zion arte. Wikileakseko kableek erakusten dutenez, Energia Atomikoaren Naziarteko Erakundeak 2007an lurrikara baten ondoren japoniako gobernuari jakinarazi zion bazituztela 6,7 graduko lurrikarei aurre egin ezin zieten zentral nuklearrak. Oraingoak ia 9 gradu izan ditu eta beranduegi da.
Osasunaren Munduko Erakundeak esan du elikagaietan (esnea eta alkatxofak esaterako) eta uretan aurkitu den erradiazioa arazo oso larria dela, uste zena baino larriagoa. Itsasoko ura ere kutsatuta dago (nork usteko du kontrakoa, itsasoko ura ari badira zentralera isurtzen?). Eta hau oraindik ez da bukatu.
Baina ez dezagun Japoniara bakarrik begiratu, hemen bertan daukagu ezaugarri bereko eta Fukushiman akatsak izan dituzten segurtasun neurri berdineko zentral zuklearra, Garoñan. Dagoeneko 40 urte ditu eta itxita egon beharko litzateke. Zentralaren zahartzeak akats asko eragin ditu azken urteetan, gehiegi. Baina espainiako gobernua ez dago zentrala ixteko prest eta bi urtez luzatu du bere bizitza, 2013 arte, eta momentua iristen denean nork daki zer gertatuko den. Hurrengo gobernua izango da erabaki beharko duena.
Zergatik jarraitzen da energia nuklearrarekin, enegia berriztagarriak bezalako alternatiba garbi eta seguruak ditugunean? Erabaki honen atzean ez al dira egongo enpresa elektriko handien interesak? Gure osasuna eta segurtasunaren gainetik jartzen diren interesak?
ELAk Garoña ixtea exijitzen du, horretarako arrazoi gehiegi daudelako. Zentral zaharra da, akats gehiegi izan dituena eta dagoeneko itxita egon beharko litzatekeena. Energia nuklearra alde batera uztea ere exijitzen dugu, energia aurrezteko eta mugikortasuna gutxitzeko politikak bultzatzea eta berriztagarrien aldeko apustua egitea, energia seguru eta garbi bakarra baita.
Ainhara Plazaola (ELAko ingurumen arduraduna)
Luis Fernández (ELAko arduraduna Gasteizen)