Enplegu arloko uko politikoa
Ba al zekien inork zer zuten hitzartuta Eusko Jaurlaritzak eta Zapaterok, enplegu-transferentziari buruz? Ez. Ba, PNVren eta PSOEren arteko akordioaren edukia Moncloaren web-orrialdean egon zen ikusgai aldi batez “huts batengatik”, eta konturatu bezain laster kendu zuten. Negoziazio horren arduradunek ere ez dute benetako informaziorik ematen. Bakarka erabakitzen dituzte gauzak, eta emaitza ezkutuan gordetzen dute kritikaren beldurrez. Hori bai zentzugabekeria!
PNVren arabera, akordio hori 2011ko aurrekontuen gaineko eztabaidaren aurrekoa da. Bai zera! Akordioaren agiriak honela dio argiro: "Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioaren barruan honako akordio hau lortu da, eta hemen sinaturiko baldintzetan txertatuko da aurrekontuko akordio guztiak bilduko dituen behin betiko agirian".
Hau da, akordioak lotura zuzena dauka datorren urteko aurrekontuei eman beharreko oniritziarekin. Estatutua “ustez” betetzea baldintza baten menpean utzi da: Espainiako Gobernuak daramatzan, eta geroko batean eramango dituen, doikuntza-politika guztiak aurrera ateratzeko behar duen laguntzailea PNV izatea. Trantsizioa hasi zenetik egin diren doikuntzarik gogorrenak aurrera ateratzeko laguntza. Ez da makala. Eta hortik nor ateratzen da irabazle? Zapatero, zalantzarik gabe. Zapatero... eta politika eskuindarrak.
Ez gara ohituko, bestalde, komunikabide nagusietan (publiko zein pribatu) ikustera nola analisi zorrotzak eta iritzi kritikoak nahita ezkutatzen diren. Hori berriro gertatu da oraingo honetan ere.
Akordioaren gainerakoa uko egite larri baten parekoa da, uko egitea bertako enplegu-politika egin ahal izateko posizio politikoari:
- Enplegu-politika aktiboen gaineko erabakitzeko ahalmena ez da eskualdatuko; beraz, Espainiako Gobernuaren eskutan geratuko da.
- Finantzaketa-arloan, utzikeria eta defizita: Enpleguarekin eta prestakuntzarekin zerikusia duten gizarte-kotizazioak kudeatzeari uko egin zaio (Ekonomia Itunaren oinarrizko printzipioa hautsiz, eta diru-baliabideen galera bat onartuz). Gainera, Eusko Jaurlaritzak diru asko galduko du enpresen kuoten hobariak kudeatzean, ezin izango baitu ezer erabaki hobari horiei buruz. “Negozio” horren emaitza ekonomikoa ezin txarragoa da.
- Ontzat ematen da, gainera, politika pasiboak (kotizazioak eta langabezia-prestazioak) Espainiako Gobernuaren eskutan jarraitzea; horrela zeharka aitortuz enplegu-politikak osotasunean kudeatzeko ezintasuna.
Aipaturikoa Moncloaren web-orrialdean argitaraturiko testutik aterata dago, eta horren esangura zera da: Akordio hori txarra eta kaltegarria da EAEko langileentzat. Estatu espainola langabezian, prekarietatean eta lan-ezbeharretan Europako lehena izatera eraman duten horiek berek jarraituko dute enplegu-politikak erabakitzen. Aldatuko den gauza bakarra politika horiek aplikatzen dituenaren logoa izango da. Enplegu-politikak galbidetik eraman dituztenei bost axola zaie langabezia, eta hemen beste era batera jokatzeko eskatzeari utzi diotenei ere ez bide zaie axola handirik.
Gertaera horiek erakutsi digute, berriz ere, zergatik ELAk, orain direla urteak, iragarri zuen Estatutuaren heriotza. Estatua, harez geroztik, enplegu-politikak zentralizatzen saiatu da, oinarri-legeez baliatuz administrazio guztiak behartu ditu Madrilen erabakitzen diren politikak aplikatzera, eta gizarte-kotizazioak euskal erakundeen eskutan uzteari uko egin dio tinko.
Estatu espainolaren —orain PSOEren gidaritzapean— ikuspegi neozentralistak hemengo posizio politikoa bertan behera uzteko eskatzen zuen, eta hala egin da: hemengo aurreko gobernuek, itxuraz behintzat, defendatzen zituzten eskariak alde batera utzi dira.
Gai honek duen garrantzia dela-eta, ELA eskumen osoak euskal erakundeetara eskualdatzearen alde agertuko da, eta baita Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruaren alde ere, euskal langileen beharrizanak hobeki beteko direlakoan. Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruaren eskakizunari dagokionez, akordio hori atzerapauso itzela da, ezin izango dena inolaz ere justifikatu sindikalgintza abertzalearen izenean, alde batera utzi baita nahita eta berariaz.
Mikel Noval
Batzorde Eragileko kidea