Enpleguaren kontura (Astekaria 216. Editoriala)

2007/05/20

Sinatu berria dute Nafarroan Enplegu Planaren luzapena. Izenpetu dutenen artean ez dago aldaketarik, orainarteko berberak dira. Nafar Gobernua, patronala, CCOO eta UGT bat etorri dira luzapen honen beharra azaltzerakoan.

Azaleratzen ez diren sakoneko arrazoiak, ordea, oso bestelakoak dira. Abagune honetan nonbait enpleguaren kalitateak kezkatzen ditu eragile hauek, lehenago formakuntzarena bezalaxe. Batean zein bestean nafartarren sosa ugariekin hornitzen da ituna, ustezko bideragarritasuna ziurtaturik egon dadin. Tartean eta ohikoa den moduan, ondo asko ordaintzen dira eragileen ahaleginak. Bestelako enplegu politika nahi dugunontzat ez dago lekurik gaia eztabaidatzeko eta planen eraginkortasuna aztertzeko. Kabi horretan solasgileak eurak bakarrak dira.

Hauteskunde atarian gaudela, akordioaren luzapenak aginteari sor zaion menpekotasuna argiro erakusten du. Hainbesteko mesedeak ordaintzeko garaia da eta bete-betean irudikatzen da eragile sindikal horien makurkeria eta ahulezia.

Bitartean enpleguaren kalitatea Nafarroan ere gainbehera doa. Aurreko planak ezarritako helburuak ez dira betetzen eta behin behinekotasunaren portzentaiak oso goian mantentzen dira, sektore pribatuan nahiz administrazio publikoan. Patronalak ez du konpromezurik onartzen bere enpresetan behin behinekotasuna ekiditeko; bestalde, eragile sindikal hauen jarrera negoziazio kolektiboan hain motela izanik, prekarietateaz luzaroan hitzegiten jarraitu beharko dugu, zoritxarrez. Gobernuarentzat, berriz, etorkinei leporatu behar zaie estatistiken itsusitasuna.

Prekarietatea ekiditeko lehenengoz borondatea behar da, eta ondoren ekimen sindikala. Nafartar askoren lan eta bizi baldintzei mesede eskasa egiten diete elkarrekiko argazkiek, eguneroko jardunean errealitatearen gordinak hainbat langileren aurpegia kolpatzen duenean. Etorkinena ere, noski.

Enplegu kontuan egonkorra den alderdi bakarra behin behinekotasuna da eta horrela jarraituko du itun ustelak sinatzen diren heinean.