Enpresarien onerako (Astekaria 222. Editoriala)
Eszenatoki publikoan alderdi politikoen artean kokatu den Sozietateen gaineko Zergaren eztabaidak EAEn dugun eredu fiskalaren benetako arazoak ezkutuan mantendu ditu. Eztabaida azalean geratu da eta ez dio heldu sakoneko mamiari. Lehen Bizkaia eta Araba, eta orain Gipuzkoako Aldundiek bide bereko jokabidea hartu dute: enpresariei zerga maila jaistea. Horretan guztiz bat etorri dira.
Gipuzkoako Aldun Nagusiak akordioa plazaratzerakoan egindako prentsaurrekoan argi laburtu du erreforma honen muina: lasai egon daitezela Gipuzkoako enpresaburuek, beste lurraldetako zerga maila berdintsua izango baitute eta . Beste lurraldetan bezalaxe, enpresaburuei zergak jaistea izan du xede erreformak. Gehien irabazten dutenen mesedetan eginiko hautuak administrazioen diru bilketa murriztea dakar, eta ondorioz gastu sozialari gutxiago esleitzen zaio.
Bestetik, gizarteari eta bere eragileei eredu fiskalaz, bere osotasunean, eztabaidatzeko aukera lapurtu zaie. Ez kontsultarik, ez eztabaidarik, eta ekarpenerako aukerarik ez. Nolako taxu demokratikoa duten agintariek erakusten digu honek, elite batzuen bueltan bakarrik hausnartu eta erabaki baitaiteke eredu fiskala.
Honela, gizarteari iruzur egiten diote beste behin. Dirubiltze murrizketa honi aurrekontuak superabitekin ixten direla gehitzen badiogu, geroz eta diru gutxiago geratzen da behar bezalako zerbitzu sozialak garatzeko. Bide batez, ekarpen handiagorik ez eta, zerbitzu publikoen sistemaren gainbehera dakar politika honek. Ondorioz, giza beharrak handitzen doazen heinean, geroz eta zerbitzu gehiago ordaindu behar dituzte herritarrek.
Erreforma hau onartzear dagoela, datorren urterako beste bat, sakonagoa iragartzen da. Publikoki plazaratu den moduan mehatxua dirudi, azken finean, bide beretik lerrokatuko den erreforma enpresaburuei zergak gehiago murrizteko izango da eta. Bitartean, enpresen etekinak gora eta gastu soziala behera.