Eraberrituz (Astekaria 239. Editoriala)

2008/03/28
Azken hamarkadan gure erakundean aldaketa sakonak eman ditugula gauza jakina da, are eta gehiago jenero eta adinagatiko ikuspegiei erreparatzen badiegu. Gizartean eta lan merkatuan epealdi horretan ematen ari zen sakoneko aldaketari egokitzen saiakera berezia egin du sindikatuak. Egokitzapen horren ondorioetako bat, besteen artean, zuzendaritza batzorde ezberdinetan izandako gaztetze prozesua eta emakumeen presentzia areagotzea izan da. Prozesua ez da bat-bateko burutapen baten ostekoa izan, ez eta norbaiti otu zaion itxurazko irudi bat eman beharrekoaren ondorengoa.

Erabakitako politika honen adibide argienetakoa da Nazio Batzordean berriki eman den aldaketa. Lau per-tsona irten, beste hainbestek ardura berria hartu eta bederatziek funtzioak aldatzen dituzte. Kongresua dagokigun urtea izanik ez da txantxetako aldaketa. Orokorrean, beterik legoke jenero eta adinagatiko berritzearen ibilbidea. Zentzu horretan, ELAren ziklo historiko bati itxiera ematen zaio nazio batzordean, laurogeita zortzian zuzendaritzan zeudenetatik ez baita inor geratuko aurten.

Eraberritze garrantzitsua izanik, ez legoke horrelakoa burutzerik baldin eta oinarri sendoak ez baleude gure erakundean. Funtsezko bi zutoinetan ulertu behar da prozesu hau: batetik, belaunaldi bateko baliozko pertsonen konpromisoa, organizazioaren beharrak lehenetsiaz, bere sakrifizioa hortxe dagoelarik; eta bestetik, ibilbide luzerik gabeko militanteen erronka erakunde guztiaren apustutzat hartzea. Bi zutoinak biltzen duen barne kohesioa berebiziko altxorra dugu gurean eta ezinbestez zaindu beharra dugu, azken finean gure egiteko moduaren adierazgarri da, gure kulturaren adierazgarri.

Aurrez izan direnak eta oraingoak izatea posible egin dutenak ederki asko erakutsi digute, aitzindari izanik, gure proiektuak duen indarraren balioa. Belaunaldi berria, dagokion txanda harturik, ahalegin horretan ere saiatzen ari da, konpromiso horrek ez baitu onartzen ez etenik ez eta atsedenik.