"Eraikitako" auzia. (Astekaria 177 Editoriala)
18/98 eta + auzia, 'eraikitako' auzia zela ikusten zen epaiketa hasi aurretik ere, Lopez Aguilar, Espainiako Justizia ministroak modan jarri berri duen hitza erabiltzearren. Eraiki ere, tesi bihurtutako hipotesi baten planoen arabera: "ezker abertzalearen" eremuan, aldez edo moldez, koka zitekeen edozer ETA zenaren hipotesiaren arabera, alegia.
Hipotesi-tesia diseinatu zutenek orain arte lortutakoarekin pozik egoteko motiborik badute, hedabideak itxi, enpresak zapuztu eta lagun asko gartzelaratzea lortu baitzuten. Urteen ondoren, noizbait heldu behar eta, hasi da epaiketa. Esan dezagun epaiketa, berez ere, zigorra dela epaituentzat, Madrilen egiten den epaiketa luzeak dakarzkien gastu, neke, bide-arrisku, lan arazo eta era guztietako eragozpenak kontuan hartzen badira.
Baina epaiketa ez da erosoa izaten ari Estatuarentzat ere, argitara ekartzen baitu sumarioko sekretuaren itzalean egindako lardaska itzela. Orain arte, epaiketa erakusten ari da, urteetan zehar, piezaz pieza, adabakiz adabaki, Frankestein-Garzonek muntatutako munstro baldarra ez dela logika juridikoak ezartzen duen bidetik ibiltzeko gauza, eta bide horren ertzetatik at dabilela, balantzaka eta noraezean.
Orain arte ikusitakoak nahiko izan behar luke auzitegiak epaiketa bertan behera utz zezan. Tamalez, ez da horrelakorik gertatuko, Entzutegi Nazionalaz eta "terrorismoaren aurkako borrokaz" ari baikara. Eta, egunen batean, emango duten epaia "zuzenbide estatuaren" funtzionamendu onaren erakusgarri dela esango digute López Aguilar eta enparauek. Prozesu osoa, frankismoa bultzatu zuen eta frankismoak estatuaren egituren muinetan txertatu zuen nazionalismo autoritarioaren erakusgarri besterik ez den arren.