Erreferendumak eta gizarte-eredua (Astekaria 160, editoriala)

2005/05/23

Parisko eta Madrilgo gobernuek erreferendum bana deitu dute heritarrok Europako Konstituzio-itunari buruzko iritzia eman dezagun. Bidasoaren alde batera duela aste batzuk izan zen, eta bestera, berriz, hamar egunen buruan izango da bozkatzeko unea; ezezkoaren beldur da Errepublikako gobernua, eta kanpaina handia ari da baiezkoaren alde egiten.

Baina herritarrak badute, badugu, haiekin ez fidatzeko arrazoirik, konstituzio-ituna bultzatzen duten indarrek gogoan zein eratako gizarte-eredua duten ikusirik. Ez baitute alferrik itunak arlo soziala enpresen interesen itzaletan jartzen. Enpresaburuek eta kap¡talak kudeatzen dituzten erakundeek Europako Batzordeari "oztopoak" eta lehiarako trabak ken ditzala eskatzen diote behin eta berriz: Europako Batasunaren legeetan aintzat hartzen diren langileon eskubideak ez dira beste mundukoak, baina horiei ere garestiegi irizten diete.

Europako Parlamentuak duela zenbait egun altoa eman dio Batzordeari, honek lanaldiaren iraupena eta antolakuntza guztiz librea legeetan jartzea baitzuen xede; halere, adj egon behar dugu guztia zertan amaitzen den. Bestalde, agian Parlamentuko kideek nolabait unean-uneko beharrizanak izan dituzte kontutan, hots, Frantzian eta Holandan datozen erreferendumetan baiezkoari bultzadatxo bat ematea. Batzordeak astean 48 ordutik gorako lanaldia legeztatzea, enpresen nahien arabera banatua izango dena, gerorako utz lezake.

Europa eraikitzeko honelako eredu bat hautatu dutenean, non bailo gailenak merkatua eta lehia ekonomikoa diren, oso zaila izan liteke gutxieneko eskubideak bermatuta izatea, eta are zailagoa, eskubide horietan sakontzea. Ez dute, horregatik, zorioneko "konstituzio" hori panazeatzat har dezagun lortuko. Ezta bestelako gizarte baten alde daramagun borroka geldiaraziko ere.