Erreforma fiskala edo murrizketak, ez dago beste aukerarik

2020/06/08
Iñaki Zabaleta Aramendia - ELAko Azterketa Bulegoko kidea
2008ko krisiaren ondotik austerizidio-politikak aplikatu ziren, zerbitzu publikoetan murrizketak eginez eta bankan erreskateak; hori guztia jende gehienaren lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzearen kontura. COVID-19 pandemia baino lehen ere langabezia, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna oso tasa handietan zeuden. Azken finean aberastasunaren banaketa bidegabea da desorekak eragiten dituena, ekonomiaren hazkunde-urteetan ere bai.

Oroitu beharrekoa da Nafarroako 80.000 herritar pobrezia-arriskuan zeudela pandemia aurretik ere, eta egoera horretan zeudenen erdiek bazutela lana. Errealitate horrek pertsona eta gizatalde jakin batzuk harrapatzen ditu azpian modu bortitzagoan: emakumeak, pertsona arrazializatuak eta nazionalitate espainiarra ez dutenak adibidez. Azken batean, pandemiak sozialki eta ingurumerarekiko jasangarria ez den sistema bat agerian utzi eta bere ondorioak muturrera eraman ditu.

Eta beste aldean Nafarroan abantailadunak direnak daude: errenta handiak eta enpresak. Sozietate Zerga dela-eta Estatu osoan gutxien ordaintzen den lurraldea Nafarroa da, eta gainera enpresak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta abantaila handiagoak dituzte. Hori gutxi balitz bezala, Nafarroako Gobernuak legealdi honetan hartu duen neurri fiskal nagusia enpresen gaineko zerga-zama are gehiago arintzea izan da. Hori horrela izan arren, Ogasun kontseilariak ez du arrazoirik ikusten enpresei zergak igotzeko.

Erreforma fiskala baztertuz gero, murrizketen bidetik abiatuko gara ezinbestean. Nafarroako diru-bilketaren aurreikuspena 800 milioi euro gutxiagokoa da; beraz, diru-sarrerak bultzatu ezean, argi dago ezin izanen dela eutsi oraingo aurrekontu-mailari. Hori bera gertatu zen 2008ko krisian, orduan ere izugarri handitu zen defizit publikoa, diru-bilketaren jaitsiera bortitzagatik. Defizit hura zor bihurtu zen, eta gero zorraren interesak ordaintzea lehentasunezko puntua izan zen uneoro, gastu sozialaren aurretik. Ez badugu nahi hori bera errepikatzea, diru-bilketa handitu behar da, baina ez edonola, bidezko eran baizik.

Krisiari bidezko irtenbidea bilatzeko, ezinbertzekoa da, ELAren ustez, gizartea mobilizatzea. Elkarrizketa sozialaren planteamendua beti izan da berbera: partaideei finantzabideak eskaintzea bake sozialaren trukean. Baina planteamendu hori ez da egokia langileendako, bertzeak bertze, patronalak beto-eskubidea duelako, bere interesen aurka doan edozein akordio geldiarazteko. Eta, noski, patronalaren interesak eta langileriarenak ez datoz bat, "itsasontzi beraren" mantra behin eta berriz errepikatzen badigute ere. Hori da elkarrizketa sozialaren gezurretako bat, langileriaren arazoak ez dira konpontzen patronalaren interesak sustatzearekin batera, patronalaren interesen kontura baizik.

Alferrik da estrategia-ildoei eta neurriei buruz eztabaidatzea, gero ez badago haiek ordaintzeko modurik. Hala gertatu da Nafarroako Gobernuaren Susperraldi Planarekin, neurriak oraindik zehazteko daude, baina dena dela garrantzizkoena falta da: neurriak nola finantzatuko diren argitzea.

Noren interesak lehenetsiko diren erabaki behar da orain, Nafarroan tratu abantailaduna duten eta Estatuko bertze inon baino gutxiago ordaintzen duten enpresen interesak ala jende gehienaren interesak, zerbitzu publikoak sustatuz eta aberastasuna modu bidezkoago batez banatuz. Erabakitzeko ordua da: zergen diru-bilketa handitu ala murrizketak egin.

Zein da ELAren proposamena? Guk proposatzen dugu errenta handiak dituztenei, enpresei eta kapitalari zergak igotzea. Sozietateen Zergari dagokionez, kenkariak ezabatzea eta enpresen 2019ko etekinei %20ko gainkargua ezartzea. Ondarearen Zergaren arloan, gainkargu gehikorra edo progresiboa ezartzea, zerga-oinarriaren %1 eta %10 bitartekoa. Neurri horiekin bakarrik 900 milioi euro bilduko lirateke Nafarroan.

Orain hartuko diren erabakien eragina hurrengo urteetan eta hamarkadetan sumatuko da. Aberastasuna modu zuzenago batez banatu daiteke, krisitik irteterakoan gizarte zuzenago bat antolatu daiteke. Lehentasunen eta borondate politikoaren kontua da. Proposatu ditugun neurrien bidez diru-sarrera publikoen galera berdinduko litzateke, gizarte-programak nabarmen zabalduko eta ekoizpen-sistema ikuspegi sozial eta ekologiko batetik onbideratuko.