Erregularizazioa eta gutxieneko soldata propioa, antirrazismoaren eta justizia sozialaren alde

2026/02/06
Erregularizazioa eta gutxieneko soldata propioa, antirrazismoaren eta justizia sozialaren alde
Kinnari Ladron de Guevara eta Leire Estevez - Ekintza Soziala
Hilabete barru izango da greba orokorra Euskal Herrian 1500 euroko gutxieneko soldata (LGS) ezar dadin eskatzeko; bada, une berean mugimendu antirrazistak borrokarako eredu bat eskaini digu ia 700.000 lagun erregularizatzeko errege-dekretuaren inguruko akordioa medio. Gure ustez, lorpen honek arrazoi bakarra du: persona migratuen mugimenduak egin duen borroka, besteak beste 2020tik hona "Erregularizazioa Orain" izeneko Herri-Ekimen Legegilean (HEL) gauzatu dena.

Euskal gehiengo sindikala martxoaren 17ko greba prestatzen ari den honetan, erregularizaziorako dekretu hau mugarri demokratiko bilakatzen da, batez ere lurralde honetan dauden pertsona migratuen oinarrizko eskubideei dagokionez. Gai honetan hainbat auzi hartu behar dugu aintzat:

Batetik, HEL, herritarren parte-hartzerako funtsezko tresna den aldetik, eskubideetan sakontzeko baliagarri dela. Beraz, ezin da ulertu, ikuspuntu demokratikotik, gobernuek hari muzin egitea, EAEn eta Nafarroan LGS propioaren aldeko HELari egin dioten bezala, honek 140.000 sinaduraren sostengua lortuagatik ere, edota Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak pentsioak LGSarekin parekatzeko sustatutako ekimenarekin egin zuten bezala. Bi ekimenen erroan zegoen asmoa zen aberastasunaren banaketa justuagoa izatea eta jende askori -batik bat emakume eta migratuak- bizimodu hobea ematea.

Bestetik, borroka feminista, antirrazista eta klasekoak bat eginda garatu behar direla, ezinezkoa baita eskubideetan sakontzea sistemak egoera administratibo irregularrean uzten dituen eta beraz, enplegurako edota oinarrizko eskubideetarako sarbide gabe milaka eta milaka pertsona uzten dituenean.

Azkenik, borroka antirrazista ez dela bukatzen erregularizazio honekin. Lanean jarraitu behar dugu Atzerritartasun Legea behin betiko ezabatzeko, eta egoera administratiboa erregularizatu duten horien baldintza materialak eta bizimodua ere hobetzeko.

Horregatik diogu persona migratuen erregularizazioa lortzeko borroka eta 1500 euroko lanbidearteko gutxieneko soldataren aldekoa aldarri-multzo beraren parte izan behar direla, besteak beste bi kasuetan kontua delako egoerarik zaurgarrienean daudenen bizi-baldintzak hobetzea, baina ez karitatetik hartutako erabaki gisa, baizik eta justizia sozialari dagokion oinarrizko neurri moduan.

Uneotan AEBek arrazismoaren aurpegirik gogorrena erakusten ari zaigu, ICE poliziak behin eta berriz urratzen baititu giza-eskubideak. Hala ere, eskuin muturraren mehatxua gure herritik ere ez dabil urrun, eta erne egon behar gara.

Hain zuzen ere, eta horregatik diogu borroka ez dela erregularizazioa dakarren lege-dekretuarekin batera amaitu; ziurtatu behar dugu legea garantista izango dela, eta ezinbestekoa da eskubideetan sakontzen jarraitzea, hori baita eskuin muturra geldiarazteko modurik egokiena.

Klase borroka ez da posible feminismorik eta antirrazismorik gabe. Martxoaren 17ko greba orokorrean, denok kalera!