Erresistentzia kutxa: Gogaikarria da aldarrikatzeko eta eusteko gaitasuna izatea

2018/02/13
Txiki Muñoz - ELAko Idazkari Nagusia
Ze tema ELArekin! Bizkaiko Aldundiaren interpretazio berria zertan geratuko den gorabehera, bistan da erresistentzia-kutxa gogaikarria dela, grebak berak ere gogaikarriak direlako. Ez dute grebarik nahi. Enpresariek eta administrazioek lan-baldintza kaskarrak, inork merezi ez dituenak, erabakitzen dituztenean ez dute eztabaidarik entzun nahi. Sindikalismo aldarrikatzailea gogaikarri zaie, eta are gogaikarriagoa zaie baldin eta tresna erabilgarriak baditu, jendearen borroka sustatzeko eta errazteko. Esate baterako, erresistentzia-kutxa.

ELAk, bere erresistentzia-kutxa duela 38 urte abiarazi zuenetik, zerbait egin badu, gardentasunez jokatzea izan da, hain zuzen. Gauza jakina eta ezaguna zen edonorentzat -aldundientzat ere bai- ELAk kutxa hori bazeukala. Batzuk, oso fede txarrean, saiatu dira Bizkaiko Ogasunaren interpretazio berriaren bidez halako sorgin-ehiza bat egitea ELAren kontra, baina ustel atera zaie.

ELAn lasai-lasai hartu dugu gertaera, ezer ezkutatzeko ez duenaren lasaitasunez. Gure afiliatuek, adibidez, badakite hileko kuotaren %25 kutxa horretara doala, lagun grebalariei tinko eta men egin gabe jarraitzen laguntzeko. Bizkaiko zahar-egoitzetako greba gogoangarria esandakoaren adibide garbia da. Zahar-egoitzetako emakume langileek 370 eguneko greba egin zuten, baina greba hori ELAko afiliatu guztiek irabazi dute. Ezin da hain luzaroan jarraitu, laguntzarik gabe. Tuterako afiliatu batek, adibidez, egoitzetako grebalariak ezagutu gabe ere, badaki partaide izan dela garaipen horretan bere afiliazioaren bidez, bere klase-elkartasunaren bidez.

Eguneroko lan-prekarietateak bi emaitza ditu aldi berean, batetik, sufrimendua dakarkie milaka eta milaka langileri, eta bestetik etekin ugariak enpresei, hortik onura ateratzen baitute. Horretaz baliatzen dira, hain zuzen, beheranzko lizitazioak egiten dituzten enpresak -eta administrazioak-. Horregatik, ELAren esana da hau: sindikalismoak aurre egin nahi badio prekarietate horri, ez dio uko egin behar greba egiteari. Sindikatu guztiok antzerako borroka-tresnak izango bagenitu, mugimendu sindikalaren erantzuteko gaitasuna askoz handiagoa izango litzateke. Gure iritziz, horixe izan beharko litzateke eztabaida sindikalaren gunea. Baliabide sindikalik gabe, patronalak, prekarietatea ezartzeaz gain, hitzarmenen negoziazio-gaiak eta edukiak kontrolatzen ditu. Patronalak sindikatuak elkarren kontra jartzea bilatzen du, eta ondo daki mugimendu sindikalaren ahulezia handi bat baliabiderik eza dela. Grebak gizarte baten jardun demokratikoaren erakusgarri dira, eta sindikalismoa eraberritu behar da halabeharrez, erasoan hasteko indar adina bildu nahi badu.