Ertzaintzaren kaltean (Astekaria 209. Editoriala)
Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzaren bozemaileak, esan dio ELAri bere Ertzaintzako afiliatuen artean azaldu beharko duela, otsailaren 24ko manifestazioa zela eta, Barne Sailak izandako jokabidearen aurkako kritika. Ez zuen esango, pentsatzen dugu, ELAren barne-funtzionamendua hobetzen laguntzeko, ELAri non min egin ziezaiokeen kalkulatuta baizik.
ELAk eman ditu eta emango ditu, behar izanez gero, behar adina azalpen bere afiliatuen artean. ELAk uste du 24ko manifestazioaren aurka ekiteko erabakia ez zela zuzena izan, ez eta zuhurra ere, eta horrelako erabakiek Ertzaintzari eta ertzainei egiten dietela kalterik handiena. Hortik gure kritika, behar bada partziala izan zena, egun hartako beste jokabide batzuk ere kritikatu zitezkeelako.
Egia da sindikatuaren horrelako adierazpenek gure hainbat ertzain mindu dezaketela; ulertzekoa da, batzutan bizi duten irain eta jazarpen giroa kontuan hartuta. Eta ez dira falta horrelako paradak urak bere errotara eramateko aprobetxatu nahi izaten dituztenak; kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburu eta Bozemailearen laguntza ordainezinarekin, gainera.
Ertzaintzak, edozein poliziak bezala, baditu etsaiak. Gurean, gainera, eremu jakin batzuetatik Ertzaintzaren aurkako giro gaiztoa hedatzeko ahalegina egin da. Horrek ertzainen lana berez samurra ez dena oraindik nekezago bihurtzen du.
Baina Ertzaintzak dituen etsairik txarrenak ez ditu auzoan, etxean baizik: ertzainak herrietatik eta herritarrengandik urrundu, ugazaben zerbitzura jarri, edota neurriz kanpoko interbentzioak agintzen dituztenak dira Ertzaintzaren etsai nagusiak, Ertzaintza demokratiko eta herrikoia aldarrikatzen dugunontzat, behintzat.
Argitu bitza Azkarate andreak Otsailaren 24ko interbentzioa agindu eta gehiegikeriak babestu zituztenen ardurak, ELAk bereak argituko ditu eta.