Espainiako LGS defendatzea oso eskuindarra da

2026/02/16
Espainiako LGS defendatzea oso eskuindarra da
Pello Igeregi, ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna
Lan legedia langile mugimenduaren konkista historikoa da, langile bat eta enpresari bat botere posizio oso desorekatuetan daudela onartzea baita. Batak bere lan indarra saldu beharra du biziraun ahal izateko eta bestea enpresaren jabe da eta langileak kaleratzeko ahalmena du. Desoreka hori onartzeak hasierako posizio bidegabeak berrorekatuko zituzten lege-mekanismoak ezartzea ekarri zuen. Hori da, edo zen, lan-zuzenbidea.

Lan zuzenbidea desegiten urteak daramatzatenez, gero eta antz gutxiago du bere jatorriarekin. Kaleratzeagatiko kalte-ordainak murriztea, kontratu prekarioen abanikoa handitzea edo ABLEen legeztatzea dira lan-zuzenbidearen izaera babeslea desmuntatzearen adibide batzuk.

Lanbide arteko Gutxieneko Soldata beste tresna babesle bat da, eta ELGAko kide diren herrialdeen % 90ek erabiltzen dute langile-klasearen egoera injustua berrorekatzeko. Azken batean, gutxieneko soldata maila bat ezartzen da muturreko esplotazioak eragozten dituena, aberastasunaren banaketa sustatzen duena eta laneko pobreziari aurre egiten diona. LGSk bere soldata politika inposatzeko ahalmena eztabaidatzen dio patronalari. Horretarako, gutxieneko soldata maila horrek ehun sozioekonomikoan eragin behar du.

Abenduaren 28an, Iñigo Ansola EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan zuen ez zuela ulertzen martxoaren 17an greba orokorra deitzea, Espainiako LGSk soldatapeko biztanleriaren %3ari bakarrik eragiten dionean. Bada, horrexegatik. Espainiako LGSak %3an bakarrik eragiten badu, esan nahi du Euskal Herrian ez dela aberastasuna banatzeko faktore bat, ez duela balio lan baldintza okerrenak dituztenen soldata maila hobetzeko eta ez dela gizarte kohesiorako tresna bat. Hilean 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeak zuzenean hobetuko lituzke 167.000 pertsonaren bizi baldintzak, soldatapeko biztanleriaren %15 inguru.

Greba deitu dugun sindikatuok hainbat eragile politikorekin bildu gara greba aurkezteko eta haien babesa eskatzeko. Beren burua ezkerrekotzat duten pertsonek planteatu digute LGS propio bat insolidarioa dela (soili hobetzeko aukera eskatzen ari garen arren, beste lurralde batzuetan okertzeko aukerarik gabe), eta probintziaka, edo hirika, soldatak ezartzera eraman dezakeela, eztabaida zentzugabe bat elikatu nahian. Azken argudio hori erabili zuen Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko ordezkariak Legebiltzarrean 138.495 sinadura (PSE-EEk Eusko Legebiltzarrerako lortu zituen botoak haina kasik) bildu zituen Herri Ekimen Legegile batean oinarritutako eztabaida saihesteko. Antzeko argudioa erabili zuen PPk ere. Hori da Eneko Anduezaren ahotan den nazio aitortza, herritar xumeen bizi baldintzak hobetzeko balio ez duen aitortza folklorikoa.

Lanbide arteko gutxieneko soldata beherantz berdinduta, uko egiten zaio euskal langileriak pataronalarekin boterea berrorekatzeko tresna izateari, eta, praktikan, CONFEBASKi EAEko errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeari betoa jartzea ahalbidetzen zaio. CONFEBASK diziplinatzeko tresna bat lortzeko aukera ukatzen dutenek lan legediaren izaera babeslea ukatzen dute Euskal Herriarentzat. Azken batean, patronalari beste lurraldeetan baino irabazi-tasa handiagoak pilatzeko aukera ematen diote, eta enpresek langileei soldata gehiago desjabetzea legeztatzen dute. Oso eskuinekoak dira.

CONFEBASKek uko egin dio lan-harreman guztietarako gutxieneko ordainsaria negoziatzeari. EAEko Auzitegi Nagusiak bere epaian CONFEBASKen negoziatzeko ahalmena elementu konbentzional hutsetara mugatu du. Hau da, CONFEBASKek ezin du sindikatuekin adostu FOGASAren kalte-ordainetarako edo gizarte segurantzarako erreferentzia izango den ordainsaririk, hori legez bakarrik egin daitekeelako. Patronalarekin joko-eremua mugatua da (horregatik, paraleloan, eskuduntza legalki irabazteko borrokatzen ari gara), baina negoziazio horretan ez du azaldu nahi. CONFEBASKek ez du nahi gutxieneko soldata-erreferentzia bat ezartzea, aukera emango duena soldata guztiak hobetzeko eta, hala, haien irabazi-tasa blindatu gura du, milaka eta milaka langile esplotatzearen kontura. CONFEBASKek ez du ere nahi soldata propio baten alde mobilizatzeko aukerarik izatea.

Izan ere, CONFEBASKek badaki LGSren zentralizazioak mobilizazio soziala saihesteko helburuari erantzuten diola. 1979an, UGTk eta CEOEk Langileen Estatutuaren (LGS arautzen duena) oinarri zentralistak adostu zituztenean, hau adierazi zuten: “CEOEk eta UGTk adierazi dute beharrezkoa dela, etorkizunean, kontratazio-unitateen kopurua murriztea (hau da, hitzarmenen negoziazioa) … beharrezkoak ez diren gizarte-tentsioak murrizteko”. Lan-negoziazioa zentralizatu nahi zuten, lan-baldintzak ezartzean bake soziala bermatzeko. Ez da kasualitatea, martxoaren 17ko greba orokorra estatuko historia hurbilean LGS handitzearen aldeko lehen greba orokorra da. Izan ere, zentralizazioa haustea borrokarako gaitasuna sortzea ere bada, baita lan zuzenbidearen izaera babeslea berreskuratzekoa ere. Gizarte kohesioa nahi dugu eta, horregatik, LGS propioa behar dugu, hori ukatzen dutenek nahiago dute patronalak nahi duena egin ahal izatea. Kaleak beteko ditugu eta lantokiak hustu patronala diziplinatzeko, justizia sozial eta elkartasun kontua delako.