Espainian demokraziak ez du aukerarik

2017/10/17
Adolfo Muñoz "Txiki"
Joan Tardák (ERC) esana: “Katalan guztiok independentzia nahi bagenu ere, sekula ez gintuzkete entzungo, Espainian gutxiengo demografikoa izango baikinateke”. Hala da: Espainiak soilik esaneko menpekoak nahi ditu. Puigdemontek parlamentuan azaldu zituen Kataluniak akordio bila egin dituen saioak eta Espainiak behin eta berriz eman dituen ezezkoak, gutxiespena, irainak... Rajoy piromanoa bera hasi zen Estatutaren aurkako sinadurak biltzen, hura herri katalanak bozkatu eta gero, eta erabaki zuen bere Auzitegi Konstituzionalak “kimatu” egin behar zuela; orain, atzera ere, Puigdemonten negoziazio eta bitartekaritza proposamenari muzin egin dio eta 155. artikuluaren makineria martxan jarri du.

Besterik ez zitekeen espero. Galtzeko beldur denak eragozten du bozketa. Lehen ondorioa: Espainian ez dago biderik Kataluniako edo Euskal Herriko gehiengo demokratikoak bere erabakiak gauza ditzan; beto horri aurre eginez gero, Estatuak zanpatu egiten zaitu.

Kataluniak lehentasuna eman zion bere instituzioen zilegitasun demokratikoari. Espazio demokratikoak sortu behar ziren, eta hori lortzeko modu bakarra konfrontazio demokratikoa da. Kataluniak Eskoziaren moduan jokatu nahi zuen… baina Espainia ez da Britainia Handia. Hor agertu ziren autodeterminaziorako bide oro galarazten duen 78ko itun konstituzionalaren aitzindariak; itunaren bermatzaile, militarrak. Franco hilberritan konplexurik bazuten, berrogei urte igaro direnean Estatuan neofalangismo burgoi eta oldarkorra nagusitu da. Bigarren ondorioa: Itun konstituzionalaren ordezkariek (PP, PSOE eta C's) ez dute Espainia demokratizatuko.

Dirua ez da egundo demokratikoa izan. Are gutxiago Espainian. Kapitalak botere politikoarengandik mesedeak jasotzea espero du. Baten batek espainiar kapitalismoari “Cibeles kapitalismoa” deitu zion. Izan ere, negozio handiak egiteko Gobernuak enpresa nagusiekin harreman estua izan ohi baitu: enpresek ez dute arriskurik hartzen, eta legea alde dute etekina ahalik handiena izan dadin. Hori da “legezko” ustelkeria. Hor ditugu elektrikoak, bankuak… Nolanahi ere gauzak okertuz gero diru publikoa beti egongo da erreskaterako prest. Diruak xantaia egiten du, Estatuan, Katalunian zein Euskal Herrian. Politikoak agintean daudenean harentzat ari dira lanean; ardura publikoak uzten dituztenean, berriz, zuzenean enpresa horietara pasatzen dira, milioiak irabaztera. Hirugarren ondorioa: Demokrazia irabazteko kapitalari gailendu beharra dago. Etengabeko borroka dugu hau; hori da aukera bakarra La Caixako presidentearen botoak eta CUPeko militante batenak balio berbera izan dezaten. Bestalde, kapitalak -esaterako Coca-Colak- azken berrogei urteetan independizatu diren herrialde guztietan egiten ditu bere produktuak, baita saldu ere; Katalunia independentea ez da salbuespena izango.

Euskal Herrian, Estatuak Estatutu Politikoa erdeinuz baztertu ondoren, EAJk eta Urkullu Lehendakariak Estatuarekiko konfrontazioari uko egin zioten. Madrilekin negoziotan dabilen burgesiaren ordezkari izatea erabaki zuten. Erreakzio bakarra izan da urtez urte gogoratzea Estatutua ez dela bete. 38 urte daramagu horrela. Ez konfrontaziorik, ezta atzerakadaren azalpenik ere: Estatuak gure autogobernua indargabetu egiten du oinarri-lege eta Auzitegi Konstituzionalaren epai bidez. Horrela jokatzen dute gatazka politikoa baretzeko; ebidentzia kontrakoa bada ere, esaten dute Estatuarekiko aldebiko harremana indarrean dagoela. Laugarren ondorioa: Urkulluren gobernuak ez dauka konfrontazio demokratikora jotzeko asmorik; haatik, gain behera etengabekoa da. Areago, kontutan izanik Espainia uniformizatu nahi duten arribistak direla indar politiko espainiarren buru.

Estatuak Kataluniari eman dion erantzunak Pedro Sanchezen PSOE definitzera behartu du, eta betiko lekuan dago. Primariak egin zirenean ba ote zegoen alderik Susanaren eta Pedroren programetan? Erregearen hitzaldiak xede bat zuen, PSOEk ez zezan alde egin “legearen inperioa”ren frontetik; PP eta Ciudadanosekin elkar hartuta jarraitu behar zuen. “Jauntxo”ek zuzendaritza berria estu hartu zuten; PRISA taldeak (El País) independentisten argudioak kanporatu egin zituen bere hedabideetatik, eta Felipe Gonzalezek nahiz Alfonso Guerrak ere argi hitz egin zuten PSOE eurek kokatu zuten lekutik mugi ez zedin: “España, ni roja, ni rota”. Sanchezek iragarri zuenean erreforma konstituzionala, babesa eman zion 155. artikulua aplikatzeari; erreforma bera inozo eta ahulentzako amarrua besterik ez da. Amaitzeko, urriaren 12ko desfilea, azken berrogei urteetan nazionalismo espainiarrak egin duen agerraldirik oldarkorrena. Bosgarren ondorioa: PSOEren posizioak areago argitzen du mapa politikoa. Podemosek ezin du saldu PSOErekin batera Espainia demokratizatuko duenik. Anai-arreba katalanen aurka Rajoy babesten ari den PSOE bera Euskal Herrian Jaurlaritzan dago, EAJrekin batera. Baina ez da ezer gertatzen. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu batzordearen lanak amaitzear dira: beste legegintzaldi bat igaroko da emaitzarik gabe. Erreforma konstituzionala proposatzen dutenen arabera hoberena da itxarotea erreforma egiten den arte; hain zuzen, Urkulluk hauekin bilatzen du akordioa.

Euskal Herriak eta bere langile-klaseak Kataluniaren erabakitzeko eskubidearekiko elkartasuna adierazi behar du, eta Estatuaren autoritarismoa arbuiatu. Erantzuna ahalik zabalena izan behar da, Katalunian urteotan metatu den kapital politiko itzela finkatze aldera, eta kohesio politikoari eusteko, procés honek aurrera egin dezan.

Euskal burujabetza prozesuari dagokionez, Kataluniarekiko konparazioak ez dira errazegi egin behar. Auzia ez datza esloganetan. Hemen klase politiko instituzionalak ez du ondoriorik atera nahi espainiar inboluziotik; gainera, gure gizartea ez dago katalana bezain egituratuta eta antolatuta. Katalunian estatuak bata bestearen atzetik emandako ezezkoek indar subiranistengan aurkako jarrera argia eragin zuten; arbuioak kontzientzia politikoa indartu du. Hemen, ordea, ez da halakorik gertatu; ordezkari politiko instituzionalek gatazka politikoa isilarazi egin nahi izan dute. Ibiltzen hasteko gutxieneko batzuk adostu beharko genituzke burujabetza prozesu bateko partaide garela esaten dugunon artean; gutxieneko horiek klientelarrak ez diren egitura organizatiboak azkartu beharko lituzkete gizartean, eta hauek gure instituzioak interpelatzeko gauza izan beharko lirateke. Gutxieneko oinarri horiek herritarrak erakartzeko eredu soziala lehenetsi beharko lukete, horrela burujabetzaren aldeko borrokan muga identitaarioak hautsiz. Jendarte mobilizatu, egituratu, bizkorra, justiziaren eta berdintasunaren alde borrokatzeko prest dagoena; politiko ausartak ere behar dira, ondorioztatu dutenak Euskal Herriak ezin duela ezer egiteke geratu Espainiako inboluzio sozial, kultural eta politikoa ikusirik. Seigarren ondorioa: Euskal eskuinak ez du nahi. Esaten dutenek aldebiko harremana egokia dela Madrilen eta Jaurlaritzaren zein Nafarroako gobernuaren artean abiapuntu bat dute: posizio politikoa alde batera utzi dute. Hori ezagun da pairatzen ditugun autogobernuan eta politika antisozialetan. PP k dioenez, “patriotikoak” dira, Estatua bateratzen dutelako.

Adolfo Muñoz "Txiki"