Estatuak merezi duen erantzuna
Batzorde Nazionalaren azken komunikatuan estatu-ereduari eta Euskal Herriari buruz PPk eta PSOEk duten adostasun estrategikoa, azpimarratzen zen. Azken garaiotan gertatutakoek –alderdi politikoen legea, ilegalizazio ekimen bateratuak, Garzonen gehiegikerien aurrean adierazi duten erabateko adostasuna–, oinarrizko akordioaren sasoi ona berretsi dute.
Euskal Herrian estrategia horren aurka gaudenon artean, berriz, adostasun eza da nagusi. Bakoitzak bere azterketa eta erantzuna plazaratzen du, bere esparrua sendotzea helburu nagusi bailuan.
Orain hiru hilabete, ekainaren 15ean, alderdien legearen proiektuari erantzun zabala eman zitzaion. Egia da deialdi hura oreka doien emaitza izan zela, baina gaur egoerak okerrera egin du, eta ezker abertzalearen aurkako erasoa bidegabetzat jotzen dugunok ez gara aurkako erantzun bateratua antolatzeko gauza izan.
Egoera honek erantzuna bera ahultzeaz gain geure arteko harremana gaiztotu eta liskar giroa areagotzen du ezinbestean, hots, estatuaren estrategia betetzen ari da. Kontua zera da, ez ote garen estatuak baldintzatutako erantzun moldetik aldentzeko gauza izango.
1998an Garzonek Egin itxi zuen, eta artean HBren Mahai Nazionala espetxean zegoen. Bazirudien egunkaria eta irratia ixtea ezker abertzalearen aurkako erasoen errematea zela, eta bortizkeria areagotu egingo zela iragartzen zen. Erantzuna, baina, oso bestelakoa izan zen, eta handik gutxira Lizarrako adierazpena eta ETAren su-etena etorri ziren. Bestelako erantzuna espero zuen estatua jokoz kanpo geratu zen. Ezinbestean ote gaude gaur estatuak espero eta nahi duen eran erantzutera behartuta?