Estilo berriaren edukia (Editoriala, astekaria 131)
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren gobernu berria osatuko da Madrilen, oraingoan PSOEko Rodriguez Zapatero buru duela.
Aitortu beharra dago asko izan garela gizontxo bibotedunaren eta bere oinordekoaren porrotarekin lasaitu ederra hartu dugunak. Lasaitasuna itxaropen bihurtzeko ez dago, ordea, oraindik behintzat motiborik, ezbairik gabe orain arte Zapaterok erakutsitako estiloak PPk ezarritako harrokeria eta jokabide zakarrekin zerikusirik ez duen arren; hau eskertzekoa da, noski.
Baina estiloak estilo, ez genuke ahaztu behar PPk gure herriaren aurkako azken urteetako eraso kupidagabea ezin izango zuela egin, edo ez hain lotsagabe, bederen, PSOEren adostasunik izan ez balu.
Estiloak estilo, beraz, arazoek lehengoan diraute, eta horiei heldu beharko zaie lehenago edo beranduago. Batetik, badugu pentsamolde berrien premia: gobernu berriak kontutan izan beharko luke euskal auzia konpontzeko bidea herri eta jende baten arazoa konpondu behar dela uste izatean datzala; alegia, ez dela erabateko garaipen edo alde baten porrotarekin amaitzeko kontua. Are gutxiago, PPren moduan, nazionalismo espainola gogortu eta bide batez botoak poltsikoratzeko era.
Bigarrenik, gobernu sozialistaren aldetik estilo berria itxura huts baino zerbait gehiago denaren froga litzatekeena, Aznarren aginte aldian giza-eskubide eta askatasunek izan duten gainbehera geldiarazi eta edonori, dituen iritzi politikoak dituela edo egin duena egin duela ere, eskubide eta berme horiek eskaintzea. Euskal presoekiko jarrera aldaketa nabarmen batek adieraziko luke, esate baterako, estilo berria itxurakeria hutsa baino zerbait gehiago dela.