Etorkinak ez dira arazo

2002/05/07

Maiatzaren Leheneko manifestazioetan, ELArenean ere, nabarmena izan da langile etorkinen parte hartzea; hau ez da harritzekoa, gure gizartean, kale, lantegi eta eraikuntzan gero eta ohikoago bihurtzen ari baita Afrika, Asia edo Ameriketako herritarrak ikustea.

Europan gizartea eraldatzen ari da, eta Euskal Herriaren kasua ez da lehena, immigrazioaren fenomenoa bizi duen azkenetakoa baizik. Euren herrian bizimodu duinik izateko aukerarik ez dutenez, milaka langile abiatzen da herri aberatsetara, Europan edo beste nonbait etorkizun hobea izango dutelakoan.

Hain zuzen, etorkinen ustezko ‘oldea’ aitzakiatzat hartzen dute Europan zehar arrazakerian oinarritutako mugimendu eta alderdi politikoek: hor ditugu Le Pen Frantzian, Fortuyn Holandan, Berlusconi eta Bossi Italian... Noski, Espainian ez dago horren zantzurik, PPren gobernuak etorkinen aurka lana aski ondo egiten baitu: Atzerritarren Legearen erreformarekin ia eskubide guztiak ukatu dizkiete, horrela legeztatu gabeko egoeran dauden langileen esplotazioa erraztuz.

Arrazismoak eta xenofobiak itsututa bizi direnek bi gauza saihesten dituzte: Batetik, zahartzen ari den biztanlerian etorkinek gizartea indarberritu egiten dutela, eta arazoari sasi-irtenbide bat emateko nahiarekin –mugak ixtea nahiz langile atzerritarrak egoztea– benetako arazoari, herrien arteko aberastasunaren banaketari, konponbidea emateko aukera galarazten dutela.

Hartara, ELAk Maiatzaren Lehenez horregatik heldu dio aldarrikapen bati: Lana, paperak eta eskubideak langile guztiontzat. Atlas mendien magalean edota gurean jaio dela ere. Gizalegezkoa da; elkartasunak ez du mugarik.