Etorkizunerako borondatea (Astekaria 128, editoriala)

2004/02/23

Hamar urte bete dira lan harremanen euskal esparrua aldarrikatzeko ELAk eta LABek deitu zuten manifestazio hartatik, eta horrelako uneetan interesgarria izan ohi da bi egoerak alderatzea. Atzera begiratuz gero, hamar urteotan gauza asko aldatu direla ikusiko dugu. Arlo sindikalean, sindikatu abertzaleon lankidetza sendotu egin da eta beren nagusitasuna areagotu; nagusitasun hori ildo sindikal orokorretan eta eguneroko ekintzetan gero eta garbiago ari da azaltzen.

Politikari dagokionez, berriz, euskal gatazkaren zio politikoa izugarri argitu da. Garai bateko eskumenei buruzko tirabiren ordez gaur edonorentzat garbi geratu da kontua beste bat dela, hots, azken hitza eta erabakia noren esku dagoen: estatuko erakundeen edo euskal herritarren esku, alegia.

Begiratu besterik ez dago, bestela, autodeterminazioaren aldarriak autogobernua sendotzeko asmoen tokia nola hartu duten. Egia da aldarrikapen hau indartsuago sentitzen dela herritar soilengan autonomia kudeatzen duten alderdiengan baino; izan ere, herritar soilen ikuspegia baita gehien aldatu dena, eta honekin batera, nazio edo lurralde kontzeptua: ezbairik gabe, gaur Bilbo, Tutera eta Baiona orain hamar urte baino askoz gertuago daude euskal herritar askorentzat.

Azkenik, onartu ala ez, hamar urteotako ibilbidearekin batera asko aldatu da borroka moldeei buruzko ikuspuntua: pentsatzekoa da egun ELAk eta LABek 1994an baino adostasun handiagoa dugula aurrera egiteko gauzak nola egin behar liratekeen, zein lan molde indartu beharko liratekeen, lagungarri zer den eta zerk trabatzen duen irizterakoan. Kontua da, 10 urteren buruan, lan munduan eta euskal gizartearen etorkizunaren inguruan helburu berriak ezartzeko borondatea gero eta indartsuagoa dela.