Etsipenaren aurka

2007/05/03

Azken boladan Ezker Abertzalearen ahotan kexa asko ari gara entzuten prozesuan alde batek emandako urrats itzelei beste alde edo aldeek erdeinu eta egurrez erantzun dietela eta: su-etenak, gorabeherak gorabehera, indarrean darrai diote,formulazio politikoak izugarri malgutu ditugu, atez ate gabiltza elkarrizketa eta konponbidearen eskale; ordainetan, jipoia besterik ez dugu jaso (polizia, fiskal eta epaileen tai gabeko erasoa, presoen sakabanaketa, torturaren gelaurre diren atxiloketak...), gure proposamen politikoak indarreko legearen zakarrontzira bota dituzte, eta eskubide politiko oinarrizkoena ere hauteskundeetara aurkeztekoa, alegia- ukatu digute edo ukatzeko bidean daude. Bada ordua, diote, arranguraz, besteek ere, zerbaitetan bederen, amore eman dezaten.

Ulergarri bezain erratua den diskurtso honen akats larriena prozesuaren ardatza okerreko lekuan jartzean dagoelakoan nago; ikuspegi honentzat prozesuaren ardatza sinalagmatikoa litzateke, hau da, truke prozesuaz ariko ginateke: nik hau egingo edo emango dut, zuk bestea egiten edo ematen baduzu, edota egin edo eman dezazun. Beraz, besteak egiten edo ematen duena litzateke, nagusiki, norberak prozesuan irabazteko daukana. Ikuspegi hau erratua dela iruditzen zait: prozesuak osagarri sinalagmatikoak behar ditu, noski, eta exigitu behar zaizkio, baina uste dut estrategia aldatzeko azken arrazoia, aldaketarekin norberak norberaren proiektuak irabazteko duena izan behar dela, eta ez inork ordainean emango duena; are gu-txiago, emango ez duela garbi samar dagoenean.

Ez dakigu zehazki zein puntutan dagoen prozesua, baina kezkatzekoa da aspalditxoan entzuten den gogoeta etsitua: gerta daitekeenaren errua, eman behar zutena eman ez dutenena izango da, eta ez beste inorena. Gogoeta hau zeharo okerra iruditzen zait, okerra delako, beti, amildegira daraman arrazoibidea, eta gutxirako delako, behin amildu eta gero, errua inorena izan dela argudiatzea. Hortaz, kontua ez da nork eman duen gehiago edo erakutsi duen borondate gehiago; kontua beste bat da: nor aterako den trantzetik orainari eta geroari aurre egiteko kondizio hobeagotan. Patua saihestu eta aurrera begiratzeko tenorea da, asko baitago egiteko, borrokatzeko eta irabazteko ezkerretik eta abertzaletasunetik.

German Kortabarria, idazkari nagusiaren albokoa