Etxebizitza, sindikatuaren kezka
Sarri esan izan dugu hitzarmen kolektiboak negoziatzean datzala sindikatuen eginkizun nagusia, bertan finkatzen baitira langilearen soldata- eta lan-baldintzak. Langilearen beharrizanak ez dira, baina, hor bukatzen, eta soldataren beraren balioan ere enpresatik kanpoko faktoreek eragin handia izan ohi dute, hala nola zerga-politikak, zerbitzu publikoen babesak, pentsioek eta etxebizitzaren egoerak.
Etxebizitza betidanik izan da langilearentzat garrantzi handikoa. Betidanik izan da arazo, eta ezin esan egoera hobetu denik. Langile gehienek beren bizitza osoan irabazten duten jornalaren zati handi bat etxearen hipoteka ordaintzeko erabili behar izaten dute. Beharginaren bizitzako urte askotan hileroko soldata banku edo aurrezki-kutxari hipotekaren zenbatekoa ordaindu eta gero geratzen zaion hondarra besterik ez da izaten. Bestalde, etxebizitzaren auziak gazte asko eta askori eragotzi egiten die beren kontu bizitzeko aukera, eta gurasoen etxean jarraitzera behartzen ditu.
ELAk arazo larri honi buruzko urrats bat edo beste egina bazuen ere, orain azterketa bulegoak prestatu duen txosten mardulak gaiari buruzko azterketa zehatza egin du, ondorioetara iritsi da eta proposamenak luzatu dizkigu. Batzorde Nazionalak aztertu eta onartu ostean, hor dugu aurrerantzean bai maila konfederalean, bai eskualde zein herri mailan garatu beharreko lanaren oinarri sendoa. Sindikatua ez baita soilik lantegiko gaietara mugatzen den erakunde bat. ELAren printzipioen arabera, langilearen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko tresna ere bada; langilea osotasunean hartzen duena baizik ez baita zinezko sindikatua.