EUDEL

EUDELen dilema: munizipalismoa ala neoliberalismoa

2025/02/07
Igor Eizagirre, ELA-Gizalaneko Idazkari Nagusia (Zerbitzu Publikoak)
EAEko ia udal guztiak dira Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) kide. Azken hauteskundeetan EH Bilduk ehun bat alkatetza lortu zituen, EAJk 90 inguru, eta dozena bat inguru PSE-PSOEk. Ondorioz, hiru alderdion ordezkariak dira EUDELeko kargudunak. Lehendakaria jeltzalea da, eta EH Bilduk zein PSEk lehendakariorde bana dute. Exekutiboko 12 kideetatik 5 EH-Bildukoak dira eta beste 5, EAJkoak.

Euskal mugimendu munizipalista ikurra izan da Euskal Herrian justizia, solidaritate eta berdintasun handiagoaren aldeko borrokan, helburutzat guztiontzako lekua eskainiko duen herria hartuta. Eraikuntza nazionalean gogoratu beharrekoa da 1931ko ekainaren 14ko euskal udalen batzarra, lehenengo Autonomia Estatutua bozkatu zuena; honek Hego Euskal Herriko lau lurraldeei botere legegile, exekutibo eta judiziala aitortzen zien.

Tamalez, ia ehun urte igaro direnean euskal udalen errealitateak ez du harekiko zerikusi handirik. Zerbitzu publikoak eraisteko xedea duten politika neoliberalek eta eskuduntzei eragindako higadurak ez dute erantzunik izan, ez EUDELen aldetik, ez eta EAEko udalen aldetik ere; aitzitik, instituzio hauek publikoa den guztiari erasateko ari dira baliatzen.

Esaterako, zaintza alorreko funtsezko zerbitzu ugari (zahar-etxeak, etxez etxeko laguntza, zerbitzu sozialak) pribatizatu egin dituzte, enpresek negozioa egin dezaten lan-baldintzen eta herritarrei ematen zaien zerbitzuaren lepotik.

Gainera, Eustaten datuek diotenez, pribatizaturik ez dauden 13.000tik gora langileen artean % 46 aldi baterako kontratuz ari dira. 2010etik honako soldata galera % 19tik gorakoa izan da.

Bestalde, euskaraz lan egiteko eta zerbitzua eskaintzako eskubidea ez da bermatzen; Getxoko Udalak hartutako erabakiak eta azken hiletan etorri diren epaiek etorkizun iluna iragartzen digute.

Lan-kargek eta burokraziak langileen osasuna arrisku larrian jartzen dute. Gainbehera honen eragina areago jasaten dute emakumeek gizonek baino: eremu pribatizatuetan langile gehienak emakumeak dira, eta hauen behin-behinekotasun tasa handiagoa da.

Horrenbestez, EUDELeko Batzorde Eragileak udal langileen baldintzak arautzen dituen akordioa berritzeko asmoa adierazi du; hau 2010etik hona ukitu gabe dago, eta ez dute bete ez EUDELek, ez eta bere kide diren udalek ere.

Tokiko administrazioan sindikatu nagusia den ELAk mahai gainean jarri du hitzarmena berritzeko oinarriak:

EUDELek eta alderdiek borondate argia izan behar dute politika neoliberalak eta eskuduntzen higadura amaiarazteko, eta euskal eskuduntzen eremuari eta munizipalismoari eusteko.

Bestalde, Udalhitz akordio marko bat da, ez lan-hitzarmen bat; ondorioz, EUDELeko kideek ez dute zertan bete. Hartara, balizko akordioaren aplikazio-eremua definitu beharra dago. ELAk EUDELi eskatzen dio tokiko erakundeak premia ditzan aurrez hitza eman dezaten adostutakoa beteko dutela.

Azkenik, akordio berria negoziatzeko abiapuntua sinatu zen azken akordioa izan behar da; EUDELek adierazi behar du betetzeko asmoa duela eta eremu bakoitzeko gehiengoa aintzat hartuko duela.

EUDELek oraindik ez dio ELAren eskariari erantzunik eman. Bitartean, sindikatu batzuek fokua jarri dute negoziazio-mahaia eratzen ote den ala ez. Haatik, gure ustez jokoan beste zerbait dago, askoz ere garrantzitsuagoa: EUDELek eta tokiko boterea duten alderdiek erabaki beharko dute estatuko ereduari eutsiko dioten, sektore publikoa eraisteko politika neoliberalak bultzaten dituena, edota kontrara, 1931ko udalen batzarreko asmo munizipalista hautatuko duten. Azken hau erabakiz gero ELA haien ondoan izango dute.