Europa bai, baina bestelakoa (Astekaria 162, Editoriala)
Iragan da Frantzian Europako Konstituzio-Itunari buruzko erreferenduma, eta beraz, milaka euskal herritarrek ere iritzia eman dute bozen bidez. Frantzia mailan ezezkoak %55 izan dira, eta emaitza honek Herbeheretako %62 ezetzarekin batera Ituna Europako Batasuna osatzen duten 25 estatuetan berresteko prozesua geldiarazi egin du.
Baina ez gaitezen botoen azalean geratu: galdeketek dioten moduan, ezezkoa ez zaio Europaren eraikuntzari eman (Itunaren aurkako herritarren %57 horretan jarraitzekoaren aldekoak dira), Itunak eta EB agintariek hautatutako eredu ultraliberalari baizik. Europa nahi du jendeak, baina ez edozein preziotan.
Jakingarria da Frantziako estatuak eta botere nagusiek komunikabideetan itxuragabeko indarra alde izan arren baiezko eta ezezko iritzien desoreka izugarria izan da, gizarte mailako kanpaina batek eragin handiagoa izan duela. Kanpaina ofiziala hasterako hilabete batzuk zeraman ezetza aldarrikatzen zuten 900 komitek osatutako sareak Itunaren aurkako argudioak zabaltzen. Horrek utzi digun ikasgaia: Inurri lan horrek guztia alde duela uste duen sistemari aurre egin ahal izan dio, eta sistemari gailentzea posible da, taxuzko lana kale, ikastetxe eta lantokietan barrena eginez gero.
Ipar Euskal Herrian, berriz, baietza nagusitu da, baina hau ez da harritzekoa: biztanleria Frantziako batez bestekoa baino zaharragoa da, eta oro har 60 urtetik gorakoak baiezkoa bozkatu dute batik bat; baietzaren alde agertu diren eskuineko alderdiek ere indarra dute betidanik Iparraldean, eta abertzaleek, botoen %10 izanik, iritzi ezberdinak eman dituztelarik, ez dute emaitzan eragin handirik izan.
Erreferendum honetan ezezkoaren alde ziren indarrek badute orain ardura bat: Europa guztiz geldiaraztea nahi luketeen indarren aurka gizartearen gehiengoak ontzat emango duen proiektu bat, sozialagoa, hurbilagoa eta demokratikoagoa, proposatzeko gauza izatea.