Europako Konstituzio-Ituna ez da guretzat (Astekaria 149 Editoriala)

2005/01/17

Europako hainbat gobernu, horien artean Espainia eta Frantziakoa, jo eta ke ari dira itun konstituzionalaren alde lanean; EB osatzen duten 25 estatuek berretsi behar dute indarrean sartuko bada. Herritarrak erreferendumera deituta itun horri bedeinkapen guztiak eman nahi dizkiote gobernu frantses eta espainolak, eta iragarkiz bete zaizkigu kaleak. Dirua erruz xahutuko dute gizartea baiezkoaren aldera erakarri nahian, baina konstituzio-itunaren zinezko edukiak eta helburuak ez dira oso argi geratzen.

Otsailaren 20an izango den galdeketa prestatzeko, benetako konstituzioa ez den agiri horren alde Madrilgo gobernuak futboleko izarrak, aktoreak, kantariak eta fama handiko kazetariak fitxatu ditu (bide batez, kanpainak badu Euskal Herrian puntu bitxi bat, ikustekoa baita Luis del Olmo manipulatzaile nagusiaren izenean justizia eta libertatea aldarrikatzea).

Zarata egiteaz haratago, ordea, nork esan dezake arrapaladan eta presaka egindako kanpaina honekin herritarrek itunaren eta bere eraginaren berri zehatza izango dutenik? Benetan botereek ez dute halako interesik; beste aldera izan balitz, ituna egiterakoan parte hartzeko aukera emango zioten jendeari.

ELAk, berriz, konstituzio-itunaren edukia estaturik gabeko herrion eta langile-klasearen kalterako dela iritzita, jarrera ofizialen eta zuzenen kontra egingo du eta ezezko botoa eskatuko du.

Itun santu horrek ez digu geure buruari eman nahi diogun etorkizuna erabakitzeko aukerarik emango, ez eta babes berezirik eskainiko merkatuaren eta botere ekonomikoen diru-goseari aurre egiteko. Horrela ez da gizartearen eta herritarren beharrizanak asetuko dituen elkarterik eratzen. Ez gaude gure aurkako politikak bedeinkatzeko asmotan; guk agiri horri ezetz diogu.