EUROPAR BATASUNA

Europar Batasuna austeritate politiketara itzuliko da

2023/04/29
Aitor Murgia, Azterketa Bulegoko kidea
Amaitu da “barra librea”. Covid-19aren krisiak Europar Batasunak Egonkortasun eta Hazkunde Ituna (EHI) aldi baterako etetea eragin zuen, herrialdeek beren gastu publikoa arau horrek ezartzen duena baino gehiago handitu ahal izateko (defizita % 3 eta zorra % 60 BPGarekiko). Ez gaitezen engaina, barra librea ez da izan ez lehen markakoa, ez nahi adina edatekoa denbora honetan. Garrafoiz beteriko eta tiket mugatutako barra libre baten antza izan du.

Europako Batzordeak “jaiari” amaiera ematea erabaki du, eta 2024tik aurrera gerrikoa berriro estutu beharko dutela ohartarazi die estatu kideei. Azken lau urtetan Europak neurriak lasaitu ostean, murrizketak bueltan dira 2008ko krisiaz geroztik hainbesteko mina eragiten zuten arau fiskal ospetsuekin. 2024an, betiko EHIren zurruntasunarekin egingo du, baina elementu berri batzuk gehituta. Izan ere, Europako Batzordea Itun berri batean lanean ari da, zeina, dirudienez, 2025ean indarrean sartuko den.

2008ko krisiaren ondoren hartutako murrizketa neurri zorrotzek hegoaldeko herrialde zorpetuen eta iparraldeko belatzen arteko haustura eragin zuten. Kasurik larriena Greziarena izan zen, herrialde horri ezarri baitzitzaizkion neurri gogorrenak eta EB uzteko zorian egon baitzen. Europako erakundeak jabetu dira politika horiek porrot egin dutela eta Europako proiektua arriskuan zegoela. Horregatik, Covid-19aren krisiari aurre egiteko modua desberdina izan zen. Horren adibide izan ziren EHI bertan behera uztea, Next Generation funtsak sortzea edo Gizarte Eskubideen Europako Zutabea. Hala ere, politika horietako batek ere ez dakar egiturazko aldaketarik. Horiek guztiak Europako proiektu neoliberala garatzen jarraitzeko ezarritako baldintzen mende daude. Eta arau fiskalen erreformak bide beretik jarraitzen du.

EBko gobernantza ekonomikoaren esparruaren erreforma kontinuista da, argi eta garbi. Erreferentziek berdinak izaten jarraitzen dute (gehienez defizit publikoaren % 3 eta zor publikoaren % 60 BPGarekiko), eta, nahiz eta egia izan herrialdeek lau urteko epea izango dutela (beste hiru urtez luza daiteke) zorra murrizteko eta estatu bakoitzaren berezitasuna kontuan hartuko dela, kontua da zor-ratio handia duten herrialdeen zerga- eta aurrekontu-politikan esku hartuko dela. Hori guztia plan fiskalen eta egitura-planen bidez artikulatuko da, erreforma honen giltzarria, Next Generation estiloan. Plan horiek Europako erakundeek ebaluatuko dituzte urtero, eta itundutakoa betetzen ez duten herrialdeei isunak ezarriko zaizkie (ekonomikoak, ospearekin zerikusia dutenak eta Europako funtsak etetea).

Mekanismoa erraza izango da: Europak gastu-arau bat ezarriko du (ehuneko horren gainetik ezin izango da erakunde bakoitzaren aurrekontua handitu), eta, horrela, erakunde guztien aurrekontu-gastua mugatuko du, haien diru-sarrerak edozein direla ere. Urtea superabitarekin amaitzeak ez du axola, EAErekin eta Nafarroarekin ikusi berri dugun bezala, ezingo da gehiago gastatu. Defizita diru-sarreren eta gastuen arteko kenketa negatibo hutsa besterik ez bada ere, erreformaren helburu bakarra gastua mugatzea da. Ez ditu diru-sarrera publikoak jorratzen, eta ez du inolako erreforma fiskalik proposatzen kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko.

Espainiako Estatuak % 113,2ko zor publikoarekin itxi zuen 2022a, EHIk ezartzen duenaren ia bikoitza. Beraz, plan fiskal bat aurkeztu beharko du, eta Europako Batzordeak gastu publikoa kontrolatzeko austeritate-neurriak hartzera behartuko du, zorra beheranzko bidean jarri arte. Eta horrek ondorio berak izango ditu EAEko eta Nafarroako aurrekontuetan.E

Europako politika gehienetan gertatzen den bezala, erabaki-eremuak gero eta urrunago daude gure lurraldetik. Europako Batzordeak estatuak kontrolatzen ditu, eta, espainiako Estatuaren barruan, Madril arduratzen da iturria irekitzeaz edo ixteaz; Hegoaldeko erakundeek, berriz, txintik esan gabe onartzen dute gobernantza-eredu hori.

Azken lau urteetan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute “barra librea” baliatu gastua handitzeko eta zerbitzu publikoak eta gizarte-prestazioak hobetzeko. 2024tik aurrera, borondate politiko eza justifikatzeko aitzakia dute: Europak, Europako funtsekin hainbeste ematen digun horrek, ez digu gehiago gastatzen uzten. Nola gustatzen zaien Europa hau!