Euskal erreinua biluzik ikus arazi digun birusa

2020/03/28
Igor Eizagirre- ELAko GIZALANeko arduraduna
Agintariek, enpresariek, kapitalaren jabeek oihal ederrez jantzita zegoela sinetsarazi nahi izan diguten arren gure ongizate sistema aspaldi biluztu zuten azken hamarkadetako agintari, enpresari eta inbertsoreek, oihal ederrenak beraientzat gordeta. Andersenen “Enperadorearen jantzi berria” edo “Erregea biluzik” moduan ere ezaguna den elezahar bikaina gurera ekarrita, Koronabirusaren krisiak gezurra gordin, biluzik jendarte osoari ikusarazi digu. Jada ezin dute guztiok ikusten eta sufritzen duguna ezkutatu.

Test azkar eta masiboak egiteko baliabiderik ez, kutsadura ekidin edo ez zabaltzeko ezinbestekoak diren maskarak eta eskularru nahikorik ez, osasun eta zaintza esparruan langile falta nabaria, zaintza berezietarako ekipamendu eskasia, arnasgailuak nori jarri eta nori ez erabaki beharra… Hau ez da Koronabirusak sortu duen egoera, hamarkadetako murrizketek eta politika neoliberalek eragindako biluztasuna baizik. Biluzik utzi gaituzte, bereziki baliabide gutxien izan eta zerbitzu publikoen behar handiena dugunok gure egunerokotasunean moldatzeko, baita kasu batzuetan bizirauteko ere, bereziki horrelako krisi larriek kolpatzen gaituztenean.

Zerbitzu publikoak sistema kapitalistak sortzen dituen ezberdintasun eta injustiziak nolabait konpondu eta orekatzeko, langile klaseak urte luzeetan garaturiko borrokaren lorpena dira.

Justizia sozialaren bidean eta pertsona guztien oinarrizko ongizate eta garapena bermatze aldera, beharrezkoa dugu jendarte osoarentzat funtsezkoak diren hezkuntza, osasungintza, zaintza, babes soziala, justizia, eskubideen defentsa eta segurtasuna interes kapitalista eta interes politikotik babestea.

Euskal herriko gobernu ezberdinek ordea, bestelako interes ekonomiko, ideologiko edo alderdikoi jarraituz, zerbitzu publiko hauetako asko apenas garatu dituzte edota enpresa pribatuen esku utzi dituzte. Berez, zentzu guztietan publikoak beharko luketen zerbitzuak esku pribatuetan hasieratik utziz, edota administraziopean egon diren zerbitzuak pribatizatu , kanporatu edo azpikontratatu dituzte.

Oinarrizko legedia, defizit muga eta gastu arauak aitzakia hartuz herritarron zerbitzu publikoak deskapitalizatu dituzte, funts publikoak kapitalaren eskuetara bideratzeko eta sektore publikoa negozio esparru bilakatzeko.

Esaterako Gasteizko gobernuaren 2020ko aurrekontuan zerbitzu publikoetara sortzen dugun aberastasunaren %13 bideratzen da, 2009an baino 2,6 puntu gutxiago, 2.135 milioi euro gutxiago, alegia. Eta Iruñeako gobernuaren kasuan 2008an baino 3 puntu gutxiago, 675 milioi gutxiago. Pentsa dezakezue zer egin genezakeen gure zerbitzu publikoetan urtero 2.810 milioi gehiagorekin?

Politika hauek Europako azken muturrean kokatu gaituzte gure aberastasunaren baitan hezkuntzara, osasungintzara edo oinarrizko prestazio sozialetara bideratzen dugun inbertsio publikoan.

Eta honi gehitu gure zerga sistema ere Europako injustuenetarikoa dela eta Europar batasunaren bataz bestearekiko urtero 8.000 milioi oparitzen dizkiegulako Euskal Herriko aberatsenei. 8.000 milioi urtero! Zenbat osasun langile, zaintzaile, garbitzaile, irakasle, hezitzaile, gizarte langile, ospitale ohe, zaintza berezitako unitate, arnasgailu, markara, test... diru hori guztia inbertitu izan bagenu?

Murrizketa hauen guztien ondorioa da osasungintzan, hezkuntza, zaintza eremuan, gizarte lanetan milaka langile gutxiagorekin ari garela, kudeatzen dituzten enpresen irabazien menpe dauden pribatizaturiko zerbitzu eta langileekin, ohiko lanari heltzeko lan-karga izugarriekin eta baliabide erabat eskasekin. Zer esanik ez ezohiko egoerei aurre egiteko. Egun hauetan agerian geratzen ari den moduan, izugarrizko inplikazio eta esfortzu pertsonalarekin orekatzen saiatzen garen murrizketak, baina gizarte justu eta orekatu batek inola ere onar ezin ditzakeenak.

Gainera, datu orokor hauen atzean behin-behineko kontratuak, lanaldi partzialak eta 1.200 eurora iristen ez diren hamarnaka milaka pertsonen aurpegiak ezkutatzen dira. Gehienetan emakumeak eta azpikontrataturiko enpresetan lanean. Sindikatuaren kalkuluen baitan, gure herrian, 120.000 langiletik gora daude jendarte osoarentzat funtsezkoak diren zerbitzu publikoak eskaintzen pribatizatu eta azpikontrataturiko enpresetan. Guztira, milaka eta milaka langile hezkuntza, osasungintza, zaintza, babes soziala, justizia, eskubideen defentsa eta segurtasuna arloan oso baldintza prekarioetan lanean.

Alde askotatik entzuten ari gara krisi honek zerbitzu publikoen garrantzia eta beharra agerian utzi duela, baita hauek etengabe murrizteko politikak garatu dituztenengandik ere. Eta horrela da, noski. Baina ez gaitzatela engaina. Krisi honek ez ditu kapitalaren jabeak, enpresariak eta hauen zerbitzura ari diren politikarien interes eta ideologiak aldatu. Hilabete batzuk pasatzen direnean krisiak eragindako zor publikoa aitzakiatzat harturik berriro ere murrizketa politikak garatzen eta zerbitzu publikoak desegiten saiatuko dira.

Horri aurre egiteko prestatu behar gara. Baina krisi honek balioan jarri duena aprobetxatu beharrean gaude aurrerapauso berriak emateko. Bizitza erdigunean jarri nahi badugu, bizitza eusten duten lanak eremu pribatutik, emakumeen morrontzatik, behin-behinekotasunetik, prekaritatetik atera behar ditugu, ezinbestean, ezkutaturiko eta pribatizaturiko lan eta zerbitzu asko publiko bihurtu behar ditugu, zerbitzu publikoetan inbertsioa nabarmen handitzea lortu, langile gehiago, baldintza onetan eta baliabide gehiagorekin. Errege biluzik utziko dugu eta herria jantzi.