Euskaldunak, bazterrean eta isilik!
Pentsatzekoa da Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetza lantzen ari den Dekretu berriak aurrerapausoren bat ekarri dezakeela, EAJren bazkideak oraindik ezaguna ez den dekretu hori mugatzeko beren intelektualak (Lopez Basaguren, Auzmendi, Igartua eta enparauak) paseoan nola atera dituen ikusita. Aipatutako iritzi artikuluan indarrean den Dekretuarekin urrunegi joan dela defendatzen dute, erdaldun elebakarrak administraziorako sarbidean diskriminatzen omen dituelako. Euskaldunok ondo dakigu egun indarrean dagoen legediarekin oraindik ez dela posible administrazioetan euskaraz artatuak izatea eta, hezkuntza publikoan eta UEMAko herrietan izan ezik, administrazioetan lan-hizkuntza bakarra erdara dela.
Kontua ez da soilik ezin dela aurrerapausorik eman, egungo egoera aldatu nahi izatea gatazkak sortzea dela baizik, eta hori kalte ei da euskararentzat. Baina arazoa ez da euskara hauentzat, euskarak dakarren nortasun kolektiboa baizik, euskararen kontura eztabaida sortzeak arazo “identitarioak” piztea eta gizartearen “kohesioa” arriskuan jartzea ekidin nahi dute. Musika hau ezaguna zaigu, Gernikako Estatutua zalantzan jartzeak gizartea banatzen duela jakina da, bestela pentsatzen duenari bere proiektu politikoa ezinezko egitea bakearen paradigma den bitartean. Matoinirmoaren kultura politikoa da hau.
“Hizkuntzak askatasunez” kontzeptu ideologikoa lantzen dute. Askatasun neoliberala baina. Norberak nahi duen hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko eskubidea omen du, baina askatasun hori erdaldun elebakarrek bakarrik dute, euskaldunok beren hizkuntzan aritzeko askatasuna ematen baitiegu. Euskaldunok daukagu gure hizkuntza askatasuna mugatuta. Eskubide guztiak, hizkuntza eskubideak ere, kolektiboak baitira, beti beste herritarrekiko harremanetan bakarrik erabili ahal baitira. Sozialdemokrazia inguruan dabiltzan hauengandik bestelako ikuspegi bat espero nuen, pentsatzen nuen administrazioei eskatuko zietela inplikazioa eta baliabideak ezartzea euskara ezagutzeko aukerarik izan ez duten herritarrei hori bermatu diezaieten, horrela denok gure hautazko hizkuntza askatasunez erabili ahal izateko. Baina ez, PSE-EEk liberalismo ekonomikoa onartu duen bezala, hizkuntza neoliberalismoa ere bere egin du,
Lopez Basagurenek Irungo epaiaren kontura ondo adierazi du, “ez da posible 12 lanpostutan hizkuntza eskakizunak ezartzea euskararen erabilera %8koa den herri batean”, hots, euskararen erabilerak %8tik gora egin dezan ezin da baldintzarik sortu. Ez zaie bururatu ere egin zalantzan jartzea zergatik erabiltzen den horren gutxi. Euskaraz bizi nahi dugunoi hau opa digute, isuna jartzen ari zaizun udaltzain erdaldun elebakarrari, aldegiteko eskatu eta isuna ezartzeko udaltzain euskaldun bat etorri dadila exijitzea. Ziur naiz beraiek ausardia hori erakutsiko luketela!
Euskara baldintza horietan erabili daiteke “askatasunez”, ez bestela. Zaurgarriak garen egoera ezberdinetan, gaixo gaudenean, prestazio sozial bat eskatzerakoan edo lana eskatzera goazenean (hori baita administrazioetan egiten den lana), gure hizkuntzaren erabilera exijitu behar izatea. Euskaraz aritzea gatazka iturri bada, euskaldunok gure hizkuntza eskubideak egoera horietan exijitu behar ditugulako da. Gatazkarik nahi ez izatea, hori normalizatzea besterik ez da. Euskara ezin dugu askatasunez erabili eta jaso gure bizitzako ehunka esparrutan (ogia erostera goazenean, pelikula bat ikusi nahi dugunean, tabernan kafesnea eskatzean...) eta administrazio publikoetan ere onartu behar dugu ezingo dugula erabili? Administrazioetako langileek onartu behar dute lan-hizkuntza bakarra gaztelania izan behar dela?
Intelektual horiek (eta epaileek) ondo ezagutzen dute Espainiako Legedia. Inongo kexarik ez diet irakurri espainolaren inposizioaren harira. Administrazio publikoetako lanpostu guztietan, %100ean, espainola ezagutzea ezinbestekoa da, are gehiago, espainiar naziokotasuna ez daukan inork lanpostu publiko batean lan egin nahi balu euskarazko EGAren parekidea den ezagutza erakutsi beharko luke gaztelaniaz. Zenbat Nobel sariri ixten ari gatzaizkio ateak? Ni prest naiz PSE-EEko kide eta epaileekin batera erabat baztertzailea den neurri honen aurrean manifestazio bat antolatzeko. Aipatutako iritzi artikuluan kezkatuta azaltzen ziren etorkinen bazterketarekin administrazioetarako sarbidean, baina beraientzat ez da arazo Hendaiako zirujau euskaldun elebakarrak Irunen lan egiteko aukerarik ez izatea. Erdara ezagutu behar izatea normala baita beraientzat, euskara ezagutzea fribolitatea den neurri berean.
Administrazioetan lan egitea ez da herritar guztiok dugun eskubide bat, administrazioetan zerbitzu publiko bat eman behar da, hautaketa sistemak gizartearen beharrei erantzun behar die eta gizarte honetan zerbitzu hobea emateko, lana egoki egiteko, lanpostuaren betekizunen artean euskararen ezagutza ere egon behar da. Ondo legoke erdaldun elebakarrek administrazioetan lan egiteko aukera izan dezaten, administrazioei euskara ezagutzeko baliabideak eta baldintzak exijitzea, nire erakundea hor ere izango dute. Beharrezko duen laguntza emanik, administrazioetan lan egiteko beste betekizun guztiak betetzen dituen pertsona batek ezin du euskara ikasi? Administrazioetan hurrengo 15 urteetan langileen erdiek erretiroa hartu behar dute, epe hau hil ala bizikoa izango da euskarazko zerbitzua bermatzeko, baina gainera aukera ematen du trantsizio bat diseinatzeko, gatazkarik gabe, egun administrazioan lanean ari diren erdaldun elebakarrak eragotzi gabe. Bide batez diodan, administrazioetako %40tik gorako behin-behinekotasun tasa euskararentzat arazo handia dela eta horri ausardiaz aurre egitea ezinbestekoa dela.
Irungo epaia oso larria da, hamarkadak atzera egitea suposa dezake. Epaileek legez oso eztabaidagarria den epaia eman dute, eta gainera argumentu juridikoak politikoekin nahastu dituzte, PSE-EEk (VOX eta PPrekin batera) elikatzen duen diskurtso berarekin, euskara baztertzailea da eta administrazioetako exijentziek ez diete erantzuten herritarren eskakizun errealei. Nola egongo da beste eskakizun mailarik horretarako baldintzarik sortzen ez bada?
Urrunegi heldu omen gara, baina errealitatea oso bestelakoa da. Autonomismoak 40 urte bete dituenean gehiegizkoa al da eskatzea EAEn herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko baldintzak sortzea? Hau ez baita erdaldunen aurkako artikulu bat, administrazioei exijitu behar diegu herritar guztiek, hemen jaioek eta etorkinek, euskara ezagutzeko baldintzak sortzea, euskara ikastearen pisu guztia norbanakoek hartu ez dezaten, orain arte gertatu izan den bezala.
Euskarak eztabaida gehiago behar du, ez da isilik geratzeko momentua. Euskaldunak baztertzen dituzte Euskal Herri guztian zehar, ezin dugu gure hizkuntzan normaltasunez bizi, eta ezin dugu hori onartu ezer gertatuko ez balitz bezala. Erdararen hegemonia defendatzen dutenek eztabaida publikoa sortu nahi dute gizartea posizio epeletara lerratzeko, aldaketa txiki eta kosmetikoak bakarrik onartu daitezen, erdararen hegemoniarekin batera estatuaren ikuspegi monolitiko bat inposatu dadin. Ba jipoitzen gaituzten bitartean ez gara isilik geratuko eta ez dugu inor mintzearen beldur bazterrean egotea onartuko!