EUSKARA
Euskaldunak diskriminatzaileak eta arrazistak al gara?
Elkarrizketaren gaztelaniazko bertsioak sortu du bereziki anabasa, bertan Nerea Fillaten ahotan hurrengoa jartzen zuten: “creo que gran parte de la actividad cultural vasca lo mira desde la comodidad y se están produciendo profundos errores políticos que condicionarán el futuro. En esto, mi voz no es la única; hay voces que dicen que hay políticas que se hacen desde el mundo del euskera que son bastante racistas y discriminatorias “. Niri ere ez zait gustatu euskararen munduari egindako salaketa orokorra eta diskriminazio eta arrazismoaz modu orokorrean aritzea, zeri eta nori buruz ari den zehazki esan gabe. Esango nuke eskola segregazioaz ari dela eta euskaltzale batzuek, ez euskararen munduak modu orokorrean, defendatzen duten ordezkapenaren teoria salatzen duela.
Eskertzekoa litzateke bere liburua irakurri gabe genuenontzat horrelako salaketa orokor bat egin beharrean bere kezka iturri zehatza azaldu balu. Agian arazoa berria jaso duen kazetariak bilatutako itzulpenak sortu du. Edonola baieztapen horiek horrela azaltzeak askok irekita dauzkagun zaurietan gatza botatzea dakar, nire ustez horretarako beharrik gabe. Besteak beste, orokorkeri hori euskarafobia elikatu nahi dutenentzat bazka besterik ez baita.
Hala ere, aitortu behar dut salaketa horren modu injustuan azaldu arren, nire barrunbeak aztertzera eraman nauela. Eta ispilu aurrean ikusten dudana ez da perfektua. Baina, era berean, zeinen kabroia den euskalduna izan nahi izatea, kontraesanetan aritzera behartzen baikaitu etengabe.
Zail egiten zait minorizatutako hiztun komunitate batek hegemonikoa den hizkuntzei diskriminazioa eragiteko gaitasuna onartzea, egunerokoan gu baikara diskriminatuak garenak. Hegoaldean gaztelaniak espazio publiko guztiak indarrez okupatu ditu (kalean, komunikabideetan, aisialdian...). Hegemonia horrek aukera ematen dio jendartea erdalduntzeko, hizkuntza gaitasunak erabat lotuta baitaude gure ingurunearekin. Ingurune erdaldun batek ekartzen du, ondoren, norbanakoek jasotzen duten gaztelaniazko input hori gaztelaniaz erreproduzitzea.
Esaterako, zinema, telebista programak, irratia edo sare sozialen bitartez konpartitzen diren ikusentzunezkoak erdaraz kontsumitzera behartuta gaude, horietan erabiltzen diren hitz-jokoak, txantxak edo terminoak hartzen ditugu eta gure egunerokoan hitz-joko, txantxa edo termino horiek erabili behar diren beste egoera batzuetan erreproduzitzen ditugu.
Euskarak oso espazio hegemoniko gutxi ditu, eta euskarak eta euskaldunok ezinbestekoak ditugu euskara hegemonikoak dituen espazio horiek. Euskarak bere biziraupenerako behar ditu, bestela hizkuntza hila bilakatuko baita. Eta euskaldunok behar ditugu, gure hizkuntza gaitasunak garatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko.
Baina euskara hegemoniko duen espazio horiek berez oso erdaldunak diren inguruneetan eraiki behar ditugu askotan, modu naturalean euskara dakargunon artean eta aurretik euskara ikasteko esfortzua egina dutenen artean. Gure artean aritzeak, baina, beste batzuk kanpoan uzten ditu, kanpoan utzita euskara jasotzeko aukerak murriztuta.
Adibidez, Arnas Dezagun ekimenak bultzatzen zuen eremu erdaldunetan ikasle euskaldunak ez daitezela banatu ikasgela ezberdinetan. Ikasle euskaldunak banatzekotan erdara hegemonikoa den espazio batean diluitu egiten dira eta kasu gehienetan horrek erdaldundu egingo ditu. Eta, era berean, euskaratik urrun daudenek ikasle euskaldunekin harremana izan ezean euskalduntzeko aukera gutxiago izango dute. Baina nola euskaldunduko dira jatorriz erdaldunak direnak, euskaldunak erdalduntzen dituen ingurune batean?
Nik kontraesan hau ez daramat batere ondo. Euskaldunak hautatzera behartuta gaude. Erdaldunek ez dute arazorik, erdara nagusi delako espazio guztietan eta ez dago hautatu beharrik (besteak beste euskaldun guztiak erdaldunak ere bagarelako eta beren hautazko hizkuntzan aritzeko aukera eskaintzen diegulako). Hautatze horretan kontziente naiz euskara aitzakia bilakatu daitekeela arrazismorako edo klasismorako. Baina zeinen injustua den euskaldunok horren erantzule bilakatzea modu orokorrean, hautaketa zapalketa baten ondorio denean.
Euskaldun batzuek, gutxiengoak esango nuke, kontraesan hori konpontzeko migrazioari erasotzen diote. Migranteek Euskal Herrian hegemonikoa den egoera erreproduzitzen dute, besterik ez. Euskal Herrian euskara nagusi balitz migranteak euskaldunduko lirateke. Hori da sakoneko eztabaida, ea espazio publiko guztietan euskara gaztelaniaren pareko status politiko eta legala izan behar duen ala ez. Horrek ez du esan nahi migrazioak ez duenik eraginik, badu eta kontuan hartu behar da. Baina afera gaztelaniaren bortxazko hegemonia da (kapitalak egun are gehiago indartzen duena).
Nire alaba txikiaren lagun hurkoenek euskara berarekin ekarri dute etxetik eta horrek aukera eman dio bere sozializazioa euskaraz egiteko. Iaz mahaikide izan zuen haurretako batek atzerriko jatorria duen ama dauka eta euskaraz zailtasunez egiten zuen. Alabaren irakasleak esan zigun hiru hilabete ondoren neska horren euskara maila nabarmen hobetu zela. Baina hori posible izan da, era berean, nire alabak bere euskalduntasuna sendo duelako (gaitasunez eta sentimenez) eta erdaraz aritzen den klasekide batekin euskarari eutsi diolako. Gustatuko litzaidake mikroesperientzia hau makroproiektu bilakatuko lukeen Hezkuntza Legea onartu balitz, baina egungo sistema segregatzailea, erdalzalea eta merkantilista mantentzea izan da hautu politikoa. Eta gutako batzuk arrazistak izan gaitezke, baina oso injustua iruditzen zait bizi dugun diskriminazioaren erantzule gu geu bilakatzea.
Eta sindikatu bateko euskara arduradun moduan, ea asmatzen dugun langileen bizi baldintzak hobetuko dituen tresna euskaldunago eta euskaltzaleago bat bilakatzen. Bizi baldintzak hobetzen onenak bagara, euskalduntzean eragin izugarria izan dezakeen eragile izango gara, eta euskarara ekarri ahal izango ditugu euskararengandik urrun egon daitezkeen horiek (azalaren kolorea bat edo beste dutela).