Euskararen alde, Irudimena zorroztu (Astekaria 139, editoriala)

2004/06/06

Irratia aukeratu du Kontseiluak Iruñean deitu duen larunbateko manifestaziorako azken orduko iruditzat : Irratiz entzun beharko da Kontseiluak bertara bildu direnei luzatuko dien mezua, Barcina alkatesak debekatu egin baitie megafonia jartzea. Bere ibilbide "demokratikoa" ezagututa ez da harritzekoa. Are gutxiago, duela hilabete Gaztelu plazan bukatzeko baimena eman eta gero hitza jan duenean. Badakigu Nafarroako sistema demokratikoa ez dela batzurentzat halakorik (euskal kutsua duen edozer susmagarri bihurtzen dute, eta erakundeetatik zein kaleetatik guztiz erauzi nahi lituzkete).

UPNko Yolanda Barcinak ez du lehenengo aldiz euskararen aurka jo (behin eta berriz agertu du Nafarroako hizkuntzak eragiten dion herra eta ezinikusia); UPNren ibilbide antieuskalduna administrazio, kultura eta hezkuntzan sarri ezagutu dugu.

Baina itsu-itsuan ari dira, nola edo hala hizkuntza eta kultura bat, hots, lur nafarrari darion nortasun oso bat, desagertarazi nahi dute. Apustua ez da, halere, orain arte ongi atera, eta euskararen aldeko jarrera neutroa duen jende askorengan ere galdera eta zalantza gehiago sortuko ditu, beren benetako asmoa argiago ikusiko dute, alegia. Kontseiluak deitutako manifestazioaren asmoa hizkuntz-eskubideekiko errespetua aldarrikatu eta gizartearen aldetik euskararen aldeko konpromiso handiagoa eskatzea izango da. Larunbateko agerraldia "euskararen alde lan egin eta konpromiso berriak hartzeko prest dauden guztiak bat egin dezaten baliagarria izango da", zioen ELAk manifestazio bezperan.

Euskararen aldeko aldarria ahots ozenez edo -erakundeentzat existitzen ez den- irratiz entzunaraziko dugu; irudimena zorroztea ezinbestekoa da botere politikoak oztopoak eta zentsura ezartzen dituenean. Francok gure hizkuntza desagertzerik lortu ez bazuen, bere ikasle eta ondorengo leialek ere ez dute erdietsiko.