Eutsi erronkari! (Astekaria 191. Editoriala)
Datozen hilabetetan Euskal Herriko enpresa gehienetako langileek beraien ordezkari sindikalak aukeratu beharko dituzte. Erronka ez da nolanahikoa, ELAk EAEn duen %40tik gorako ordezkaritza finkatu nahi dugu eta Nafarroan dugun %21eko ordezkaritza gaindituz, Nafarroako bigarren sindikatua izan. Honetarako gure indar guztiak helburu hauetara zuzendu ditugu, gure estruktura eta militantzia guztia jo eta su ari da enpresaz enpresa hautagai-zerrendak antolatzen eta hauteskundeak prestatzen.
Guretzako hauteskundeek berebiziko garrantzia dute, sektoreetan bakoitza zer den eta langileen artean duen ezarpena adierazten dute, zilegitasun demokratikoa ematen dute eta garrantzitsuena, hitzarmenen negoziaketetarako ordezkaritza zehazten dute. Horregatik esan dezakegu, gaurko hauteskundeetako emaitzak, biharko negoziaketa kolektiboa nolakoa izango den iragartzen dutela
.ELAren proiektuak duen indarra eta eguneroko erronkei aurre egiteko gure ordezkariek jasotzen duten babesa kontutan hartuta, milaka langilek jakin badakite ELA ondoan dutela eta ondoan izango dutela beharrezkoa duten bakoitzean.
ELA osatzen dugun gizon eta emakumeontzat, elkartasuna hitz soila baino zerbait gehiago da, berak gidatzen baitu gure eguneroko jarduera. Diskriminazioa, esplotazioa, hitz batetan, egoera okerrenak pairatzen dituztenekin egon nahi dugulako, enpresa guztietan hautagai-zerrendak aurkeztu behar ditugu, gure hautetsiak funtsezkoak izango baitira lantegi eta sektoretan diskriminazioaren eta esplotazioaren aurkako borroka antolatzeko.
Bukatzeko, datozen hilabete hauetan izango dugun lan izugarriari aurre egiteko adorea eman nahi diegu militante guztiei, bere lana eta erabateko konpromisoa baitira ELAren proiektuaren oinarriak.
Eutsi goiari!