Eutsi konponbideari (Astekaria 203. Editoriala)

2007/01/23

Barajasko leherketak izango ditu, zalantzarik gabe, ondoriok, bi langileren heriotza eta eraikinen suntsiketaz gain; izan ditu, dagoenekoz, gendarmeek Azkainen atxilotu bi ETAko kideak, Frantzian epaitu gabe, polizia espainiarraren esku utzi dituenean. Ez da errepresio-erantzun bakarra izango.

Danbatekoak bake prozesuari ere eragingo dio: ez dakigu prozesuaren egiturak astinduari eutsiko dion ala, T-4ko aparkalekua bezala, dena behera etorriko den. ETAk emandako azalpen aluzinagarri samarraren arabera, ekintza, abisua besterik ez litzateke, gobernuari koplak amaitu direla eta prozesuaren urak hitzartutako bidera itzularazi behar dituela jakinarazteko. Denbora beharko da, ziurrenik, prozesuak eusten dion ala, tenka batetik, tenka bestetik, erabat hautsi egin duten jakiteko.

Bitartean, herritarrok guzti honi buruz zer pentsatu ez dakigula gaude. Normala da, eta normaltzat hartzen du jendeak, prozesuaren protagonistek eskuartean darabiltenaren zehaztasunak beretzat gordetzea. Kezkatzen gaituena beste zerbait da: protagonistak egitekoak eskatzen duenaren tamainako buru-argitasun, ganora eta ausardiaz jokatzen ari ez ote direnaren susmoa; Madrilgo lehergailuak, baina baita azken bederatzi hilabetetan estatuak giza-eskubideen alorrean erakutsitako zekenkeriak, ematen digute horretarako motiborik.

Horregatik herritarrok buru-argitasuna, ganora eta ausardia galdegiten diegu bi aldeei: gertatutakoak gertatuta ere, ez diezaiotela elkarrizketari uko egin, hutsegiteak zuzendu ditzatela eta, behingoz, lotu ditzatela konponbidearen uztarrian zabaltasuna eta errealismoa. Giza ikuspegitik, denok irabaziko dugu. Politikoki, abertzaleak gara, nabarmen, euskal gatazka gaur hertsatzen duten moldeetatik askatuta, irabaziko dugunak.