Ez gara Metaleko langileak baina guk ere baldintza duinak nahi ditugu
Metalgintzako enpresa handi batzuen finantziazioa alde batera utzita, Urtaran jaunak agerian utzi du ez dituela ulertzeko sektore horretako langileak. Gogora dezagun Arabako zaintza sektorea administrazioen erabakien ondorioz pribatizatu zela; besteak beste, Aldundiaren borondatez. Sektore hori gure gizartean funtsezkoa da, eta publikoa eta doakoa izan behar duen arren, ez da hala, ELAk salatu izan duenez. Kontrara: Araban duela gutxi arte egoitza bat edo etxebizitza komunitario bat irekitzea negozioa egin nahi zuen edonoren aukera izan zitekeen. Hau da, berdin zen taberna bat zein adinekoentzako egoitza bat zabaltzea. Eta hori posible izan da sektorea desarautu delako Arabako Aldundiaren oniritziarekin, sistema publiko-pribatu bat eraiki delako non erdigunean bizitza beharrean negozioa dagoen. Orain Gizarte Politikako Diputatuak espantuak eginagatik ere, ELAk zera esan nahi dio: egoeraren errudunak patronalak dira, noski, baina baita bera ere.
Duela hilabete batzuk, sindikatuak omen ginen Arabako adinekoen egoitzetan bizi den egoera larriaren errudun. Nonbait, asko eskatzen genuen eta oso exijenteak ginen. Orain, aldiz, Urtaranen arabera patronalek ez dute sektorearekiko eta langileekiko enpatiarik. Antza denez, berak eta erakunde publikoek sekula ez dute inolako erantzukizunik.
Arazoari dagoeneko ezin zaio ixkin egin, eta langileen zein arabarren eskariak aintzat hartu behar dira behingoz. Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektorean ELAk, %60 baino gehiagoko ordezkaritzarekin, eta langileok sei urte luze daramagu borrokan, grebekin eta mobilizazioekin, lehen hitzarmen probintzialaren alde. Guztira 50 greba egun baino gehiago egin dira. Bada, urtetan negoziatzeko eta lan baldintzak hobetzeko aukera ukatu digute erakundeek eta patronalek. Lehenik mahaia eratzearen kontra zeuden; pandemiaren ondoren, hau da, gure lana oinarrizkoa zela esan ostean, ez dute proposamen duinik ekarri. Izan ere, gogora dezagun sektore hoentan lanbidearteko gutxieneko soldataren inguruan kokatutako soldatak daudela, urtean 1.774 orduko lanaldia, lan osasunerako prebentziorik ez, ehunka kontratu partzial, lan jazarpena, soldata bat osatzeko bi eta hiru lanpostu dituzten langileak... Alegia,, erabateko prekaritatea, langileei etorkizunik bermatzen ez diena.
Hori gutxi ez, eta duela urte erdi, hurrengo urteetarako aurrekontu-akordioa itxi zenean, erabaki zen diru kopuru bat jarriko zela egoitzetako lehen lan hitzarmenerako. ELAk orduan ohartarazi zuen albiste itxuraz on hura propaganda hutsa bilakatzeko arriskua zegoela. Hilabeteak pasa ahala, tamalez, ikusi da arrazoi genuela.
Oraindik ere hitzarmen berririk ez daukagu eta onargaitza da patronalek sektore guztiari eta Aldundiari egiten dioten xantaia. Egoera horretan, Urtaran jaunak bere bitarteko guztiak baliatu beharko lituzke enpresek eskaintza hobea jar dezaten mahai gainean. Arabako adinekoen egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektoreak ez du enpatiarik behar (gainera, sei urteko atzerapenarekin datorrena), baizik eta neurri argiak, prekaritatearekin amaiarazteko balioko dutenak. Beste edozer hitz hutsak eta propaganda besterik ez da izango.
ELAn argi daukagu egoera horretara iritsi garela greba dinamikari esker (50 baino gehiago egin dira), eta langile guztiak aktibatu direlako. Horri eutsiko diogu lan baldintza hobeak izan arte.