Ez gara sufritzeko jaio (Astekaria 201. Editoriala)

2006/11/27

Emakumeak sufritzeko jaio garela esan ohi da. Mundu hau injustiziaz eta zorigaitzez beteta dagoela eta gorriak ikusi beharko ditugula. Sufrimendu honek aurpegi desberdinak ditu, baina. Gizarte patriarkal batean, eragile soziokulturalen menpean bizi gara eta honek eragin zuzena du generoarengan, emakumeak eta gizonak toki desberdinetan jarriz.

Emakume, ez zaitzatela engainatu! Maite eta baloratzen zaituen pertsona batek ez zaitu sekula irainduko, mespretxatuko, joko... Ez zaude bere esanetara eta ez zara 'berea'. Zure eskubideak dituzu, zureak bakarrik, eta inork ez du zure bizitza gidatu behar. Egunerokotasunaren parte diren eta emakume izatearren bigarren maila batean uzten zaituzten portaera guztiak arbuiatu.

Matxismoa indarkeria da eta guztion artean aurre egitea lortu behar dugu. Azaroaren 25ean, Emakumeon Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko egunean, ELA sindikatutik emakumeen sufrimenduaren erantzule direnak salatuko ditugu. Nortzuk dira biolentziaren erantzule? Indarkeria erabiltzen dutenak, emakumeak zapaltzen dituztenak, bortizkeria badagoela jakin arren, hura ezkutatu eta onartzen dutenak. Baliabideak izanda, emakumeon kontrako indarkeria behin-betiko desagerrarazteko mediorik jartzen ez dutenek ere erru handia dute.

Denon partehartzea eta kontzientziazioa ezinbestekoak dira. Denon ardura da. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egin!