Farmazia-gastua, lapurreta soziala
Sovaldi du izena tratamendu berriak, eta haren gastua itzela da; ez dago jakiterik oraindik 25.000 edo 60.000 eurokoa ote den; baina horrek zalantzan jarri ditu gure osasun- eta farmazia-ereduak. Jotako pertsonek sustatzen duten eztabaidaren muina, noski, tratamendua hartzeko eskubidean datza, eskubide horri garrantzi handiagoa emanez, kostuak duenari baino. Ez dut eztabaidatuko nik lehentasun hori, gure kasuan Eusko Jaurlaritzak ziurtatu behar die tratamendua bizia galtzeko arriskuan dutenei; dena dela, nire iritziz, arazo horrek eztabaida zabalagoa eskatzen du: farmazia-industriaren eginkizunarena.
Harrigarria da tratamendu horrek berak 300 dolarretako kostua izatea Indian. Beraz, merkeago ateratzen zaie gure herri-administrazioei Indiara bidaia ordaintzea gaixoei, eta han tratamendua erostea; gure herrian tratamendu bera finantzatzea baino. Bidaia-bilatzaile baten bidez ikusi ahal izan dut 600 eurorekin kontratatu daitezkeela Bilbao-New Delhi hegaldiak, joan eta etorri, eta hotela. Arazoa ez da horren erraza, jakina; baina 1.000 eurorengatik C Hepatitisaren aurkako tratamendua finantzatu daiteke, gaixo bakoitzeko. Hala ere, Osakidetzak 10 milioi euro ditu bereizita 2015erako, kontzeptu horretarako; alegia, 123 gaixori Sovaldi tratamendua emateko eta 255 gaixori Simeprevia tratamendua emateko.
Indiaren eta Euskadiren artean dagoen aldea zera da: han lehentasuna ematen diote osasunari, eta aurre egiten diete farmazia-enpresei, eta azkenean enpresa horiek 80.000 dolarretan eskaini nahi zuten tratamendua 300 dolarretaraino merkatzen dute. Tirabira horren azpian mehatxu bat dago: sendagai generikoak ekoiztearena, baldin eta delako tratamendua arrazoizko prezio batean eskaintzen ez bada. Hortik dator prezio-aldea.
Edonola ere, hain funtsezko den kontu hori —osasuna eta botikak asmatzeko ikerketa— ez da onargarria enpresa pribatuen eskuetan egotea, gero administrazio publikoak lapurtzen dituztenak helburu jakin bati begira: aberastea. Farmazia-ikerketa erabat pribatizaturik dago; eta horrela, enpresa pribatuek ikertu, patenteen bidez ezaguera berriak monopolizatu, eta gero herri-ogasunari lapurreta egiten diete, herritarrak sendagai berrien beharrez daudela jakinda.
Alde batetik, arlo publikoak gizartearen zerbitzurako ikerketa bat sustatu beharko luke. Zenbat ikertzaile ordaindu genitzake urtero 10 milioi euro horretarako edukiz? Farmazia-industria publikoa sustatuz gero, hortik sortuko den ezaguera gaixotasunak sendatzeko erabiliko litzateke, eta ez enpresa pribatuak gure osasunaren kontura aberasteko.
Bestetik, ezaguera monopolizatuak muga gaindiezina dira ikerketarako. Ezaguera baten %95 gizarte osoak sortu badu, ezin da zilegi izan enpresa batek %100 bereganatzea, gainerako %5 bakarrik ikertzeko, eta esparru horretako ikerketa 20 urtez geldirik geratzea, patente baten babespean dagoelako. Ikerketa guztiak oinarrizko ezaguera batetik abiatzen dira, gizateriak denboran zehar sortu duen ezagueratik, eta enpresek ezaguera hori guztia berenganatzen dute patente baten bidez, hori onartezina da.
Baina hala gertatzen da, besteak beste, sendagaiak esku pribatuetan uzten direlako; eta ekimen pribatuaren helburua etekinak sortzea delako. Zer gertatuko litzateke osasuna erabat pribatizatuko balitz? Zer pentsatu ematen du. Nolanahi ere, pentsatzekoa dena zera da: zenbat inbertsio egin litezkeen farmazia-gastu osoarekin, 450 milioi eurotik gorakoarekin.
Abenduan Euskal Kontseilu Sanitarioaren bilera batera joan nintzen, ELAren ordezkaritzan. Han Osasun Sailaren 2015eko aurrekontua aurkeztu zen atalez atal. Nire aldetik, osasun-gastua igotzeko beharra aldeztu nuen, gutxienez gure inguruko herrialdeen batez bestekoaren mailaraino; beraz, aurrekontuak 1.200 milioi euro gehiago beharko luke. Halaber, artikulu honen edukia azaldu nuen Osasun sailburuordearen aurrean, eta erantzun moduan esan zuen gauza bakarra hauxe izan zen, ezin zuela sinetsi botikak prezio hori izango zuenik Indian.
Gizarte honek soberan sortzen ditu baliabideak, C Hepatitisak jotako gaixo guztiak artatzeko. Ezin dugu inor hiltzen utzi, administrazioak prest ez daudelako baliabideak dauden tokian bilatzeko. Ezin ditugu ontzat eman farmazia-industriaren erasoak, gure kontura aberastu nahian. Politika ausarta behar dugu, sendagaiak ikertzeko eta ekoizteko apustu garbia egingo duena. Eta bitartean Indiarako bidaiak ordaindu ditzatela.