Flexiseguritatea prekaritatea areagotzeko

2009/10/28
Patronalarentzat lan merkatuaren malgutasuna areagotzea eta soldatak murriztea dira krisi honetatik ateratzeko errezeta nagusienetakoak.

Egunak joan eta egunak etorri, hedabidez hedabide eta hitzaldiz hitzaldi, hau errepikatzen ari dira lau haizetara, nahiz eta beraiek ere jakin badakiten aldi baterako kontratazioa eta soldata baxuak izan direla krisiaren ondorio larriak areagotu dituztenak. Hego Euskal Herrian eta Estatu Espainiarrean langabezia Europan baina askoz ere gehiago haztearen arrazoiak hortxe daude, besteren artean.
Patronalaren diskurtso honek jarraitzaile sutsuak ere baditu. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuak errezeta berdinak azaldu zituen egunkari talde bati egindako elkarrizketa batean. Patronala eta Jaurlaritza alde berdinean kokatzea ez da berria, aspalditik ari baitira elkarlanean elite ekonomikoen interesak defendatzeko: fiskalitate politika eta iruzur fiskala, kontratazio ebentualetarako dirulaguntzak eta kontratazioan ematen den lege iruzurra bermatzen, zerbitzu publikoen pribatizazioan eta abar. Beraz, lehengo lepotik burua.
Orain, flexiseguridad nahi dute. Hala ere, Hego Euskal Herrian, patronala, CONFEBASK eta CEN eta hauen kide diren herrialde ezberdinetako patronalek, –CEBEK, SEA eta ADEGIk alegia–, oraindik ere gehiago nahi dute. Azken egun hauetan ADEGIk plazaratu berri du flexiseguridad izeneko estrategia edo helburu berri bat. Beti egin ohi duen bezala, Europatik interesatzen zaiona bakarrik gurera ekartzen saiatzen dira; kasu honetan gipuzkoako patronala Danimarka eta Holandara begira jarri zaigu.
ADEGIren iritziz, flexiseguritatea da egungo lan merkatuaren malgutasun eskasa bere onera ekartzeko sistema eta tresna. Hau gutxi balitz, ADEGIk bizitzeko era bat bezala defini-tzen du flexiseguritatea. ADEGIk Europara begiratzen duenean ez du fiskalitatea, heziketa iraunkorra edo babes sozialaren inguruan erreparatzen, bakar bakarrik malgutasun gehiago emango dion tresna ikusten du. Begirada selektiboa deitzen zaio honi, beste era batera ez deitzeagatik.
ELArentzat flexiseguritatea Hego Euskal Herrian edo Estatu Espainiarrean aplikatzea, lanpostu prekariotik lanpostu prekariorako bidea bermatzea besterik ez da. Hau da, langile jendearen gehiengoak bizitza osorako lanpostu duin bat izateari uko egin beharko lioke. Honela, lanera sartzerakoan aldikako eta prekarioa da langilea; urte batzuk egin eta gero malgua behar du izan merkatuaren estuasunei egokitzeko, eta lan merkatutik irtetean malgua ere, bere laneko bizitza osoan sortutako prestazioak jasotzerakoan. Flexiseguritate hitzak bi parte ditu, flexibilitatea eta seguritatea. Sistema honek flexibilitatea automatikoki bermatzen duen bitartean, segurtasunarekin ez da antzekorik gertatzen.
Beste era batera esanda, langabeziara doan langileari nork bermatzen dio langabezian dagoen bitartean prestazio duinak izatea? Nork bermatzen dio heziketa iraunkor eraginkorrean parte hartzeko eskubidea? Nork bermatzen dio bera eta bere familia bizitza duin bat izateko babes sozial nahikoa? Hego Euskal Herriko patronalari horrelako tresna bat eskaintzea tximu bati pistola eskuetan jartzea baina arriskutsuagoa izan daiteke...

Demagogia hutsa da Europara begira jartzea bere eredua honuntza ekartzeko, are eta gehiago neurri hauen eraginkortasuna herrialde horietan ere kolokan dagoenean. Demagogia da hemengo errealitatea eta hangoa bere osotasunean alderatu gabe hemen flexiseguritatearen onurak saldu nahi izatea; edo ados al dago patronala Danimarka eta Europako beste estatu batzuetan dagoen presio fiskala ere hemen aplikatzearekin? Edo bizitza osorako kondenatu nahi zaigun prekarietatea onartzeaz gain langileei al dagokigu

horren kostua ordaintzea? Azken honetarako ez gaude prest eta behar beste borrokatuko dugu.

 

Joseba Villarreal                                                                                     Negoziaketa Kolektiboko arduraduna