Ganorazko elkarrizketa (Astekaria 197. Editoriala)

2006/11/06

Ahoz aho dabil partehartze instituzional eta elkarrizketa sozialerako EAEn sortutako erakundeen krisia. Zertan datza, baina, krisi hori? Hedabideetan dabilenari kasu egiten badiogu, arazoa erakunde hauen arautegian egongo litzateke, arautegiok sindikatu abertzaleei eta, bereziki, ELAri, beto eskubidea (gezur borobila!) emango bailiokete. Arautegia aldatzea litzateke, hortaz, krisia gainditzeko bidea, eta badirudi bide hori saiatzen hasiak direla.

ELAren ustez, berriz, erakunde hauen arazoaz benetan hitz egin nahi baldin bada, arautegien inguruko sasi-eztabaidak alde batera utzi eta mamiari, hau da, erakundeon eginkizunari buruzko eztabaidari heldu behar zaio. Zer espero du, edota zer eskatzen die bakoitzak elkarrizketarako batzorde eta organoei? Gobernuarentzat, elkarrizketa sozialerako organoek aldian aldiko gobernuaren jarduna babesteko balio beharko lukete. Hori da Espainian eta, geurean, Nafarroan, ikusten dutena, eta horren inbidia gorrian dira.

Confebask-ek elkarrizketa sozialetik langileen aldarrikapenak kontrolpean jarriko dituzten itunak espero ditu. Sindikatu espainolek, berriz, protagonismoa, hainbat gai sozialen kudeaketa eta elkarrizketa sozialaren ingurutik iristen den diru iturri oparoa.

Sindikatu abertzaleok -ELA eta LAB bat baikatoz gai honetan- elkarrizketa sozialari benetakoa izan dadila eskatzen diogu, batez ere. Benetako arazoei hel diezaiela. Lan baldintzen narriadura eta ondasunen banaketaz aritu dadila. Gizarte eredua eztabaida dezala. Lan-osasun eta segurtasunaren gaiari errotik hel diezaiola.

Tamalez, ez patronala, ezta gobernua ere ez daude eztabaida horietarako. Horiena bai dela benetako beto borobila! Sindikatu espainolek, bere aldetik, beste 16 autonomietako neba-arrebek duten narotasun gozoa noiz eskuratuko irrikan. Paradoxa bada ere, elkarrizketa eta akordio soziala hitzetik hortzera darabiltenak dira ganorazko elkarrizketarik nahi ez dutenak. Elkarrizketaren etsaitzat jartzen gaituztenok gara, aldiz, elkarrizketa sozialak dituen defendatzaile bakarrak.