Garaipen feminista hau ez dadila oharkabean pasa
Salatu beharra daukagu Eusko Jaurlaritzaren jokabidea: Batetik, soldata-arrakalari buruzko txostenak plazaratzen ditu eta kezka adierazten du arazo larri hau dela eta. Bestetik, ordea, erakundeak berak, zerbitzuak azpikontratatzeko daraman politika medio, emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala iraunarazten du.
Greba hau klase-borroka feminista izan da, eta oztopo ugari topatu du bidean. 280 greba egunetan langileei abusuzko zerbitzu minimoak eta ohiz kanpoko garbitzeko aginduak ezarri zaizkie, hots, greba eskubideari eraso egin zaio. Aurrera egiteko beharrezkoak izan dira hainbat osagai -ahizpatasuna, adiskidetasuna, antolakuntza eta erresistentzia kutxa-; bestela, borroka hauek ez lirateke soilik gogorrak, jasanezinak baizik.
Garbitasun sektorean soldata-arrakala desagerrarazteko urrats handia izan da hau. Alde nabarmena dago balio bereko lanpostu edo eginkizunen arteko soldatetan, eta ordainsariak parekatzera garamatzan bidea irekita dago. Oraindik ere tarte luzea ibili behar bada ere, aurrerantzean txikiagoa izango da soldata desberdintasuna Gipuzkoako epaitegi eta ertzain-etxeetako eta kale-garbitzaileen artean. Beraz, `balio bereko lanari, ordainsari bera’ dioen printzipioaren adibide oso argigarria da hau.
Garrantzia du soldata-arrakala gatazka honetan negoziatzen ari zen kontu nagusia bilakatu izana. Areago, espero dugu aurrekari ere izatea; nolanahi ere, ELArentzat lehentasuna izango da negoziazio kolektiboko estrategia erabakitzerakoan.
Soldata-arrakala lan aldarrikapen nagusia dugu, baina gainera akordioak duen garrantzi feminista nabarmendu nahi dugu, izan ere, hari esker zailtasunak zailtasun beren borroka azkeneraino eraman duten emakume askoren lan- eta bizi-baldintzak hobetuko baitira.
Eta galdera bat datorkigu burura: Garbitasun zerbitzua komunitatearentzako funtsezko zerbitzua bada -horrek aipatu diren abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezartzera daramalarik-, zer dela eta inposatzen dira hain lan baldintza kaskarrak eta eragozten zaie emakumeei greba egitea?
Nahiago genukeen garaipena lehenago ospatzea, baina zoritxarrez greba feministek gero eta luzeago jotzen dute. Gero eta greba politikoagoak dira, herri-administrazioek saihestu egin nahi baitute azpikontraten esku uzten dituzten zerbitzuetan dagokien erantzukizuna. Kostuak murriztea, emakume langileen lan- eta bizi-baldintzen kaltetan, konstantea da, areago sektore feminizatuetan.
Horregatik, honelako greben balio eta izaera feminista aitortu nahi dugu. Lan sindikal itzela atzean badute ere, ezin da ahaztu borroka hauek guztionak direla, eta beren fruitua finean jendarte osoarentzat izango dela.
Berriz ere kalean ikusiko dugu elkar.
GORA BORROKA SINDIKAL FEMINISTA!