Garzón-Jekyll, Garzón-Hyde

2002/04/23
Giza-eskubideen aldeko bi erakunde hegoamerikarrek Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. aretoko epaile den Baltasar Garzon proposatu dute aurtengo Bakearen Nobel Sarirako. Garzon epaileak nazioartean lortu duen oihartzuna Txileko Pinochet diktadore ohiaren aurka ekindako prozesuari zor dio batez ere. Genozidio, tortura eta terrorismo ekintzak leporatzen zizkiolarik generala atxilotzeko Garzonek luzatutako nazioarteko aginduak bide berriak iriki zituen estatu baten babesean egindako krimenak zigortzeko. Kontuak kontu, Txile, Argentina, Guatemala eta beste estatu batzutan egindako gehiegikeriak jasan zituzten herritarrentzat epaile espainola giza-eskubideen ikur bihurtu da eta normaltzat jo behar da haiek Garzon Nobel Sarirako proposatu izana. Euskaldunok, ordea, ez dugu diktadura horien edota GALen aurkako prozesuak eraman dituen epailea soilik ezagutu. Guri “euskal terrorismoaren” aurkako borrokan buru-belarri diharduen Auzitegi Nazionaleko epailea ezagutzea ere suertatu zaigu, eta arlo honetan Garzonek burututako lanak ez dirudi giza-eskubideen babeserako eta bakearen garapenerako asko lagundu duenik. Nahiz eta “euskal terrorismoaren” aurka egindako azioak sariarako meritutzat aipatuko diren ziurrenik. Terrorismoaren zaku zabala Garzonek erabili ahala zabalago bihurtzen ari den terrorismoaren zakuan ia edozer sar daitekeela erakutsi du. Izan ere, terrorismoaren aurkako jarduera judizialaren izenean Garzonek egunkari eta irratiak itxi ditu; kulturgintzan edo euskalgintzan diharduten enpresa eta erakundeak hankaz gora jarri; desobedientzia zibila aldeztu duten antimilitaristak kartzelaratu; beren lana egin duten kazetariak auziperatu eta, azken finean, tipo penalak nahierara erabiliz, euskal gizartearen zati handi bat kriminalizatzeko bidean jarri du. Bestalde, giza-eskubideez ari garela, tortura eta tratu txarrak -non ote bien arteko muga?- ezin aipatu gabe utzi. Gauza jakina zen -eta Iratxe Sorzabal edo Unai Romanoren kasuetan azaldutako ebidentziak ikusita, are jakinagoa da- terrorismo izenez Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotutakoek komisaria eta koarteletan gehiegikeriak jasan behar izana ez dela ezohikoa. Horregatik hain zuzen ari da aspaldian giza-eskubideen aldeko hainbat erakunde (Amnesty International, besteak beste) torturak ahalbidetu eta torturatzaileak babesteko ezarritako Lege Antiterrorista alda dadila eskatzen. Norbaitek argitu beharko luke, beraz, Garzonentzat Bakearen Nobel Saria eskatzen den honetan, bere agindupean atxilotuta egon ostean zenbat lagun agertu den Garzonen aurrera tortura eta tratu txarren arrasto edo zantzuren batekin, eta zein izan den kasu horietan epailearen jarrera, ea atxilotuen egoerari jaramonik egin dion eta gertatutakoa argitzeko urratsik egin duen. Errepresioaren bidezko baketzea Azkenik, Bakearen Nobel Sariaz ari garenez, aztertu beharrekoa deritzot ea hautagaiaren lanak Euskal Herrian bakea eraikitzen lagundu duen. Edo beste modu batera esanda, ea Aznar-Mayor Oreja bikoteak euskal gatazkarako landu duen behin betiko irtenbidea ezartzeko estrategiak -Garzon epailearengan laguntzaile sutsu eta adeitsua aurkitu duenak- herri honetan bakea eraikitzeko balio duen. Izan ere, hauentzat euskal gatazkak ez du funts, ez eduki politikorik; terrorismo hutsa da, eta gaizkile terroristak eta haien helburu edo ideiekin nola edo hala bat datozenek tratu bera merezi dute, hots, egurra eta kupidarik gabeko errepresioa. Zer esanik ez dago, estrategia honen baitan ezinbestekoak direla ia edozertan terrorismo usaina aditzen duten epaileak. Inork pentsa ote lezake, ordea, Euskal Herrian edo beste inon bakerako bidea elkarrizketa eta negoziazioa baztertzea eta errepresioa areagotzea denik? Bakearen Nobel Sarirako Garzon proposatzea erabaki dutenek diktaduren eta estatu-terrorismoaren aurka egin duen gizona izan dute kontutan, izaera anitzeko epaile honek bere baitan duen Jekyll doktorea alegia. Euskal gatazkaz ari denean, ordea, Jekyll doktore ohoretsua Hyde jaun zital bihurtu ohi da, inon salatu dituen hainbat jokabide eta jarduera arbuiagarri etxean onartzeko erreparo gutxi duena. Garzon-Jekyll doktoreak, agian, merezi luke Bakearen Nobel Saria. Garzon-Hyde jaunari ematea, berriz, Bakearen Nobel sariak tarteka egin ohi dituen bidegabekeria berri bat litzateke.