Gastu-arauaren atzean dagoena

2018/08/01
Mikel Noval, gizarte politiken arduraduna
Eztabaidarik handienetariko bat, erakunde guztien aurrekontuak eraginpean hartzen baititu (EAEko eta Nafarroakoak ere barne), Aurrekontu Egonkortasunaren Helburuak izenekoa da. Ez dute jakitera eman nahi zer gertatzen ari den; beraz, herritarrei zabaltzen zaien informazioa lerratua da, eta zehaztasunik gabea.

Zapaterok Espainiako Konstituzioa erreformatu zuen (135. art.), prozedura espres baten bidez, 2011ko udan, Europako Batasunak ezarritako defizit publikorako helburuak betetzearren, eta aurrekontu publikoko beste edozein alderdiren aurretik (pentsioak, osasuna, hezkuntza...) zorra ordaintzeari lehentasuna ematearren.

Geroago, 2012an, Rajoyk Aurrekontuen eta Finantzen Egonkortasunaren Legea onetsi zuen, eta Zapateroren erreformaz haraindi joan zen. Lege horren arabera, Kongresuak eta Senatuak defizitaren eta zor publikoaren mugak onetsiko dituzte, erakunde guztiek bete ditzaten. Halaber, gastu-araua delakoa ere onetsi zen, non erakunde guztietako aurrekontuen gehienezko hazkunde izendatua finkatzen den. Hau da, lege horrek hiru muga jarri dizkio aurrekontu-hazkundeari: defizita, zorra eta gastu-araua. Horiek dira Madrilen bozkatzen diren Aurrekontu Egonkortasunaren Helburuak.

Pedro Sanchezen gobernuak ez du inoiz auzitan jarri lege-esparru hori. Eta lege horiek funtsezko tresna dira murrizketa-politika antisozialak ezarri ahal izateko; izan ere, haien oinarrizko helburua zein den argi dago: sektore publikoa etengabe argaltzea eta gizarte-beharrizanen kontura negozio pribatua sustatzea. Hori horrela, Sanchezen gobernuak ez du proposatu Konstituzioa aldatzea, 135. artikuluaren erreforma lehengoratzeko; ezta Aurrekontu Egonkortasunaren Legea erreformatzea ere. Espainiako lehendakari berriak eta Ekonomia eta Ogasuna ministroek azpimarratu dutenez, bat egiten dute Europako Batasunean adosturiko murrizketekin, aurrekontu-esparru murriztaile eta antisozialarekin.

Gainera, 2019ko Egonkortasun Helburuek ez dute aldaketarik ekarriko, aurreko gobernuak aurkezturikoen aldean (orain dela urtebete PPren, Ciudadanosen eta EAJren botoei esker onetsiak). Ildo beretik jarraitzen dute, eta horren adierazgarririk esanguratsuena gastu-arauaren alderdia da. Sanchezek, 2019rako, zera proposatu du: gastu-arauak erakunde guztietako aurrekontuen hazkundea %2,7ra mugatzea, termino izendatuetan. Gogoan izan 2017ko uztailean onetsitako ibilbidean balio hori bera finkatu zela 2019rako.

Egonkortasun Helburuak onesten ez badira ere, ez da benetako eraginik sumatuko erakundeen 2019ko aurrekontuak prestatzean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak superabita izango dutenez, proposaturiko bi hamarren igoera ziztrinak ez luke eraginik izango (Rajoyk ere hori bera egiten zuen, hain zuzen, proposatzeko orduan). Eta aurrekontu-igoera %2,7ra mugatua izango dute, gastu-arauagatik. Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako eledunak, uztailaren 17an esan zuen bezala, defizita handitzearekin batera "gastu-araua doitu beharko zen; osterantzean, ez luke eraginik izango". Bada, alde horretatik ez da aldaketarik izan.

Horiek horrela, ulertezina da EAJ bakarra izatea Pedro Sanchezen posizioaren alde bozkatu duena. EAJren jokabide hori kritikagarria baldin bada 2019ko helburuak azken urteotako aurrekontu-politika murriztaile beraren jarraipena direlako.

Are kritikagarriagoa da lehen aipaturiko esparru orokorrak, de facto, bertako aurrekontu-politika bat erabakitzeko ahalmena gure lurralde-esparrutik ezabatzen duelako. Hala da, Aurrekontu Egonkortasunaren Legearen bidez gauzak aldatu dira: diru-bilketa handiagoa egiten bada, ezin da gehiago gastatu (horretarako dago gastu-araua), eta diru-bilketa murritzagoa egiten bada, murrizketa gehiago. Helburuen alde bozkatzea, gure autogobernuaren urraketa horren alde bozkatzearen pareko da, hamaikagarren aldiz.