Gernikan bezala (Astekaria 224. Editoriala)
Hamar urte hauetako ibilbideak izan ditu alde emankorrak ere. Emankorrenetako bat, segur aski, eszenatoki berriaren aurrean eragile bakoitza bere jokamoldea argitu beharra izan da, ekimen ezberdinen aurrean ispiluaren aurrean islatu beharra, alegia. Hortik aurrera, eta Lizarra-Garazi bitartearen salbuespena kontutan harturik, nazio eraikuntzaren atzerakada eta gainbeherak jarraitu du, hain zuzen erabakitzeko eskubidea inoiz baino gizarteratuago dagoen unean.
Euskal administrazioek erakutsi dute neurri neoliberalen krudelkeria batetik, eta sistemaren onuradunak bestetik. Hazkunde ekonomiko handiko urteak izanik, enpresen etekinak nabari gizendu dira. Hala ere zergak murriztu egin zaizkie enpresaburuei. Urtero superabitarekin ixten diren aurrekontuek gastu sozialei, jendartearen beharrei, ekarpen geroz eta txikiagoa aurreikusten dute. Bide horretan gizarte zerbitzu publikoak ahulduz joan dira eta osasungintza, hezkuntza, eta dependentziaren sektoreak negozio gai bilakatu dira interes pribatuentzat.
Ez da aldaketa handiegirik eman arlo politikoan ere. Norberak bere buruari begira eta bere interes estrategikoetan murgildurik egonik, lan mankomuna burutzeko borondate eza eta ezintasuna gailendu dira abertzale artean. Indar abertzaleen arteko gutxieneko adostasunerako kokalekurik ez da landu. Duela hamar urte bezala, borroka armatua aitzakia eta oztopoa izan da zeregin horretan. Sindikatu abertzale arteko elkarlanak ere, tamalez, une zailak bizi ditu, gizartean akuilu gisa joka zezakeen papera desitxuraturik baitago egun.
Gernikan genion bezala, ez dago beste biderik. Herri honi dagokio erabakitzeko eskubidearen aitorpena eragile abertzale arteko indar metaketaren ondorioz etorriko da. Zeregin horretan aritzeko borroka armatuaren zikloa bukatzea ezinbestekoa da; agian nahikoa ez baina ezinbestekoa. Eta proiektu hau erakargarria bilakatu nahi badugu eta gizartearen atxikimenduak sustatu, eduki sozialak berebiziko garrantzia dute. Gernikan bezala, abertzaleontzat premiazko garaiak dira, serioski heltzen badiogu.