Gerra eta kapitalismoa, langile-klasearen aurkako aliantza

2025/04/14
Imanol Pascual - ELAko Nafarroako koordinatzailea
Historiak erakusten digu gerra dela kapitalismoak hedatzeko duen funtsezko tresna. Krisialdietan potentzia handiak militarizazioaz baliatzen dira euren eta enpresa handien interes ekonomikoak babesteko; gatazka justifikatzeko segurtasun eta egonkortasun diskurtsoak erabiltzen dituzte. Hain zuzen ere, estatuen arteko norgehiagokaren gakoa ez da inolaz ere printzipio demokratikoen edota giza-balioen ingurukoa; aitzitik, merkatuak, baliabideak eta lan-indarra mundu mailan kontrolpean jartzeko lehia bat da. Estrategia honek ondorio ezin txarragoak ekarri dizkio biztanleriari: zibil errugabeen heriotza, migrazio behartuak, azpiegituren suntsipena… Israeldarrak palestinar herriari eragiten ari zaizkion genozidioa da honen adibide nabarmena.

Militarizazio prozesu honetan NATOk zer esan handia izan du. ELAren iritziz, erakunde horrek sekula ez du bakea bermatu; zer izan da benetan? Mendebaldearen inperialismoaren tresna; esku-hartze militarrak bultzatu ditu, baita nazioarteko gatazkak gaiztotu ere. Euskal herritarrek 1986an aliantza atlantikoan sartzeari uko egin zioten; ELAk posizio hura aldarrikatzen du, eta salatu nahi du europar erakundeek estrategia militaristari men egin diotela.

Trump presidentearekin AEBek galdegin dute NATOko kide europarrek ekarpen handiagoa egin dezaten, baldin eta haren aterpean jarraitu nahi badute. Halaber, Trump Putinengana hurbiltzeko saioak egiten ari da Ukrainako gatazka amaitzeko eta herrialde hartako ahalik eta baliabide gehien eskuratzeko. Egoera honen aurrean Europar Batasunak atzera ere militarizazioari ekitea erabaki du, “defentsan autonomia handiagoa izateko eta EBn gerta litekeen errusiar inbasio baten prebentziorako”. Haatik, EBren etsaia Errusia ote da, edo benetako arazoa bere barnean du, trumpismoaren gorakada Italian, Frantzian, Alemanian edo espainiar Estatuan kontuan izanik?

800.000 milioi euro helburu militarretan gastatzeko proposamena egin du Europar Batzordearen buru den Ursula Von der Leyenek; noiz, eta oraindik ere austeritate politika jende xehea zigortzen ari denean. Eredu honek lan-prekaritatea betikotzen du eta onuradun bakarra du, armagintza industria handia; gainera, beste urrats bat da gizartea kapitalaren eta gerraren logikara makurrarazteko bidean.

Shock doktrina medio, beldurra zabalduz sostengua ematea nahi dute armagintzan inbertituko den dirutza publikoa justifikatzeko; diru hori, gainera, langileriak ordainduko du (zergen zein zor publikoaren bitartez). Bestalde, gastu militarrari lehentasuna emateak gastu soziala uzkurtuko du; halaxe ari da gertatzen Alemanian, Erresuma Batuan edota Frantzian. Espainiar Estatuan -baita, bide batez, Hego Euskal Herrian ere-, Autoridad Independiente de Responsabilidad Fiscal (AIReF) delakoak argi esan du gastu militarra gehitzeak finantza publikoei eragingo diela (gastu publikoa % 1,6 jaitsiko dela diote). Hau da, murrizketak ekarriko ditu.

Euskal Herrian ere sektore ekonomiko batzuentzat industria militarra negozio oparoa da. Gasteizkoak kolektiboak dioenez, 200 enpresa baino gehiagoren ekoizpena, guztiz edo zati batean, sektore horretara doa. Duela 15 urte 70 enpresa ziren. Alabaina, bereziki larria da Eusko Jaurlaritzak eta indar politiko batzuek enpresen interesen alde nola jokatzen duten; gure gizartea gerra dinamika batean jartzea legitimatzen dute eta horrek dakartzan ondorio humano, sozial eta ekologikoak ahaztu. ELAren proposamena da gaur industria militarra dena sektore iraunkorretara bideratzea, herritarrentzat baliagarriak izango direnak; herri-administrazioari prozesu honetan oinarrizko eginkizuna dagokio.

Belizismoak ez dio soilik ekonomiari kalte egiten; askatasunak ere higatzen ditu: mugimendu sindikalaren errepresioa areagotzen du, baita enplegu prekarioa hedatu ere. Gainera, segurtasuna da migratzaileei jazartzeko eta mugak gotortzeko aitzakia; horrela Mediterraneoa eta Atlantikoa hilobi bihurtzen dituzte. Ikusmolde feminista eta antirrazista batetik gerrak egitura patriarkal eta arrazistak sendotzen ditu, bortizkeria eta inposizioa oinarri duen maskulinitate hegemonikoa sustatuz.

Gerra-ekonomia hautatzeak aurrez aurre talka egiten du ELAk defendatzen duen gizarte ereduarekin; sindikatu honek militarizazioaren eta gerraren kontrako konpromisoa berretsi nahi du, eta halaxe adieraziko du datorren ekainaren 2 eta 3an egingo duen kongresuan. ELAk jarraituko du mobilizatzen gastu militarraren hazkundeari aurre egiteko; jarraituko du aldarrikatzen baliabide horiek oinarrizko eskubideen alde balia daitezen, esaterako osasungintza, hezkuntza eta etxebizitzaren alde; langile-klaseak kontzientzia eragozpenerako duen eskubidearen alde egingo du; sektore produktibo iraunkorretako jarduera ekonomikoak sustatzen saiatuko da, eta diskurtso belizista eta faxistari buru egingo dio, bakearen eta herrien autodeterminazioaren alde.