Gerrarik ez!

2024/02/26
Ioritz Iglesias - ELA Ekintza Soziala
Gerrarik ez! Mezua erreza da. Nor ez da egongo aldarri horren alde? Baina gaiak baditu bere konplexutasunak, erpinak eta kontraesanak. Bakea nahi dugula argi dago, baina bakearen uso faltsuak daudela ere badakigu: Guri Pax Americanan bizitzea tokatu zaigu, non Estatu Batuak-en botere militarra dela medio bake “erlatibo” bat bizi dugun, batez ere, bere orbitan gabiltzan herrialdeok.

Baina itxura guztien arabera etapa historiko horren amaiera dator, edo hori diote behintzat gaian adituek. 2 urte pasa dira Errusia Donbasen eta Ukrainan sartu zela, 37 gerra “ofizial” daude mundutik zehar barreiatuta, Palestina Genozidio bat pairatzen ari da Israelen eskutik, tentsioak areagotzen ari dira, eta gerra-hotsak entzuten ditugu non-nahi... Ez dakigu zer datorren baina gure agintariak hasi dira termino belizistak erabiltzen eta “gerra”-rako prestatu behar garela esaten.

Horren aurrean, gure herriak, langilek-klaseak, eta, ELAk, zer? Internazionalismoa, klase-elkartasuna eta gerraren kontrako aldarria. Beste era batera esanda: Inperialismoak (NATO eta Estatu Batuena, bereziki), gerra-kapitalismoa eta bake faltsuak salatu behar ditugu. Gerrarik ez! Aldarri antimilitarista da, bakezalea, baina horrek ez du esan nahi egoera honetan kolpeak jasotzen geratu behar garenik, zapalduek erresistentziarako eskubidea daukate, borrokatu behar da eta gatazkak sortu behar dira agerian uzteko dagoena. Bakezaleak ez baitu baketsu esan nahi.

ELAn aurrekaria ere badugu: 1936an bere milizia propioak sortu zituenekoa, beste milizietan parte-hartzeaz gain. ELAko kideek faxismoarean aurrean armak hartzea eta antolatzea beste aukerarik ez zuten izan. San Andres 50. batalioia izan zen eta 700 gudari izatera iritsi ziren musika banda ere bazuena, horretaz gain bi ingeniari batalioi ere izan ziren San Andres 6. ingeniari batalioia 400 kide eta STV 11. ingeniari batalioia 500 kide izango zituztenak. Txuribeltzeko argazkiak ikusi ditzakegu, armak eskuan, eta zer esan dezakegu barruan sortzen digunaz... Ezaguna da ere, zoritxarrez, gerra horrek eman eta ekarri zuena.

2024. urtera bueltatuz, gerra-hotsak entzuten ditugu, eta, are okerrago, prestaketak: Alemaniako Estatuak gerrarako prestatzeko eta armak ekoizteko deiadarra bota du, EB berriki 50.000.000 € partida onartu du Ukrainiako gerrarako, Espainiako Estatuak bere BPG %0,8a eman dio jada Ukrainiari, ezkerreko alderdi politikoek gastu-araua 2024 2,6%-eko topea jartzen dioten bitartean industria militarreko presupuestoa %20 inguru igo dute, banka-militarrak inoizko daturik onenak lortu dituzte, etabar luze bat. Industria militarra aparretan dago.

Gehien bat langile-klasean ordaintzen dituen zergetatik dator diru hori, eta, argi dago langile-klasearen mesedetaz ez doazela gastu horiek. Zer nolako inbertsio soziala egin daitekeen dirutza horiekin, austeritatea eta gastu-sabaia bueltatzen den honetan partida militarrak igoko dira, beraz, inbertsio sozialetik kenduko dira, eta, ondorioz, murrizketak!

Baina, gu, mundu zoro honetan bizi gara, ez gaude kanpo. NATOri ezetz esan begenion ere, bertan gaude, barruraino murgildurik. Gerra hemen hasten baita. ELA bere afiliaziotik bizi da, afiliatu horietako batzuk industria militarreko enpresetan bere lan-indarra saltzetik bizi dira eta enpresa horiek aipaturiko gastu militarretik bizi dira, eta, ELAk, buelta eman duen diru-gastu militar hori zentsuratzen du.

Baina, egun, langile-klaseak bere lan-indarra saldu behar du, eta, zoritxarrez, hemen hori erosten dutenen artean armagintza dago, Euskal Herriko istorian oso industria potentea eta ezaguna. Baina, langile, afiliatu, delegatu horiek ez daukate kontzientzia objekziorako eskubiderik, ez dute beren enpresen plan industrialen erabakietan parte-hartzen, eta, beraz, ez ditzagun inola ere erruduntzat jo. Salatu dezagun egoera eta alternatiba ekosoziala aldarrikatzean, beraientzako alternatibak aldarrikatu ditzagun. Aukera izan dut horietako asko ezagutzeko: ingenieroak, mekanizadoreak, moldeadoreak, rematxadoreak, pintoreak, karretileroak, fresadoreak... Lanerako balio handiko jendea, ezagutza asko duena eta, dudarik gabe, beste norabide batean lan egiteko prest legokeena, egin dezagun, beraz, etorkizuna alternatiba.

Hori guztia esanda, eta gaiaren konplexutasunak konplexutasun, izan gaitezen mezu konpartitu, errez eta sinple bat emateko gai: Gerrarik ez! Gastu militarrari eta Natori ez! Bakeari bai! Inbertsio soziala eta eskubide sozialei bai!