Gizarte ekimeneko ikastetxeak: akordio on bat

2024/02/22
Miren Zubizarreta, ELAko Hezkuntza arduraduna
Duela bi aste sinatu zen greba amaierako akordioa EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan. Akordioa ona da, ez du inork zalantzan jartzen, lan baldintzetako edukiak onak direlako, zentzu orokorrean, bai langileentzat, bai ikasleentzat.

Besteak beste, ikasgaiak prestatzeko ordu kopuruak handituko dira, ikasleen jarraipena egiteko, hala irakasleentzat, nola beharrizan bereziak dituzten haurren heziketa laguntzaileentzat; Lanbide Heziketako praktiketan irakasle gehiago izango dira ikasleen segurtasuna bermatzearren; administrazio eta zerbitzuetako langileentzako lanaldia murriztuko da; 2024ko soldata igoera %16koa izango da (KPIaren igoera adina eta gehiago), mugatzaile izan daitezkeen beste erreferentziarik gabe, eta enpleguari eusteko neurri konkretuak adostu dira. Hau da, akordioak jasotzen dituen hobekuntzak neurgarriak dira, zehatzak eta identifikagarriak; hezkuntzako beste sektoreetan ez da proportzioan halakorik lortu.

Akordioa hain da ona, ordezkaritza sindikalaren %100k sinatu duela: urtarrilaren 5eko gauean sinatu zuten ELAk, mahaian %58 ordezkaritza duenak, STEILAS sindikatuak (%18), CCOOk (%14) eta UGT sindikatuak (%2). LABek, sektorean %8ko ordezkaritzarekin eta mobilizazioetan diskurtsotik aldendu zenak, gau horretan ez sinatzea erabaki zuen, ordezkaritzaren %92k ontzat eman arren. Ondoren, ordea, akordioa afiliatuei azaldu, eta ez zuen sinatzea beste erremediorik izan.

Hala ere, sinaduraren ondoren hainbat iritzi plazaratu dira akordio on horretara iristeko gakoak zeintzuk izan diren azaldu nahian.

Eusko Jaurlaritzak eta LABek behin eta berriz esan dute gizarte ekimeneko akordioa posible izan dela ekainean Hezkuntza Legearen testuinguruan lan baldintzei buruz sinatutako akordioari esker. Baita, diote, akordioak jasotzen duenez, itunpeko langileentzat (ikastolak eta gizarte ekimena) sare publikoko langileekin soldata homologatzeari (eta ez lan baldintzak) esker ere. Haatik, ez dute esaten puntu horixe ez dela jaso gizarte ekimeneko greba amaierako akordioan, arrazoi nabarmen bategatik: homologazioaren helburua da hezkuntza guztian KPIaren erreferentzia baztertzea soldatak negoziatzerakoan, eta, bide batez, itunpeko sarean soldatak negoziatzeko aukera mugatzea.

Ezkutatzen duten beste aipamen bat da Eusko Jaurlaritzaren eta LABen arteko akordioan ez dagoela neurri zehatz bat bera ere itunpeko sarerako gainerako lan baldintzei buruz (soldatak besterik ez), ezta bermerik ere sare publikoan nagusi den behin-behinekotasun izugarria amai dadin (horrek klaustro eta hezkuntza proiektuei ezegonkortasun itzela eragiten die). Ez dago plan zehatzik hezkuntza sistema guztian enpleguari eusteko, edota sare publiko, euskaldun eta burujabe bakar baterantz bidea egiteko asmorik ere. Arrazoi horiek guztiak medio, ELAk uko egin zion akordio hari. Gogoratu beharra da LABek akordioarekin bat egin zuela ez edukiengatik, baizik eta EH Bilduk une horretan Hezkuntza Legeari ematen zion sostenguagatik. Horrenbestez, nekez esan daiteke gizarte ekimeneko greba amaierako akordioa ekaineko akordioari esker etorri dela.

Akordio hark bai azaltzen du aitzitik, Lakuak eta LABek gizarte ekimeneko urtarrileko greben atarian bultzatuta sinatu zen ikastoletako aurreakordioa, LABek bakarrik sinatu zuen aurreakordioa, baita soldata homologazioa goraipatu ere. ELAk ikastoletako ordezkaritzaren %25 du, eta aurreakordioa ez zuen sinatu gizarte ekimeneko ikastetxeetan greba egunak eta negoziazioak gidatzeko arrazoi berberengatik, ikastoletan elkarretaratzeak deitzeaz gain: eskasa zen baita soldataz besteko edukietan ere, KPIaren erreferentzia baztertzen zuen, eta sektorean soldatak negoziatzeko aukera galarazi. Agerian geratu da Bildarratzen Sailak baliatu egin nahi izan dituela bai ekaineko akordioa, bai ikastoletakoa, gizarte ekimeneko negoziazioa edukiz murrizteko, eta soldatak beste eremu batean erabakiko zitezen behartzeko, beti ere KPIaren erreferentziarik gabe.

Aldiz, sektorean nagusi den patronalak, Kristau Eskolak dio akordioa gauzatu ahal izan dela patronalak berak arduraz jokatu duelako. Sindikaturen batek ELAk nahita gatazkak luzatzen dituela esan eta ideia hori elikatu nahi duen arren eta patronalak arduraz jokatu duela esanagatik ere, errealitatea da edukiak mahai gainera jarri zirela 14 greba egunen ondoren. Nahiz eta hitzarmena duela hiru urte iraungita izan, eta negoziazio mahaia 16 aldiz bildu. Akordioa bideratu duen eskaintza egin aurretik, patronalak berak eraman ditu langileak greba dinamika gogor horretara ohikoa duen bezala; gogoratu behar da aurreko hitzarmena sinatu zenean, 29 greba egun egin behar izan genituela.

Eduki horiek mahai gainean duela urtebete izan balira, ELAk, sektorean ia %60ko ordezkaritza duenak, greba egun bat bera ere egin gabe sinatuko zuen. Beraz, patronalaren azalpena, alegia, arduraz jokatu duenarena, ez da prozesuaren isla, ezta akordioaren arrazoia ere.

Laburbilduz, akordio on hori lortu dugu ELAk sektorean gehiengoa duelako; eduki nahikorik ez dagoenean baduelako grebak sostengatzeko indarra, mobilizatzeko gaitasuna, bere ordezkarien lan bikainarengatik, eta funtsezkoa den erresistentzia kutxarengatik. Datorren urtean ostera ere lan hitzarmena negoziatzeko unea izango dugu, eta berriro diogu: edukiak onak badira, akordio honetan bezalaxe, ez dugu kalera atera beharko. Izan ere, arduraz jokatzeak ikasleen eta ikastetxeko profesionalen alde egitea suposatzen du ahalik eta zerbiztu egokiena emateko, eta horretako ezinbestekoa izango dugu akordio on bat.