Gizarte eredu berri baten alde

2005/11/30

Astekariaren 172. alearen editoriala

Gizarte eredu berri baten alde

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren gobernu programari 80 proposamenez osatutako txostena igorri diote. Hiru sindikatuek Jaurlaritzak gobernu programaren atal mingarrienak zuzendu ditzan dute helburu bezala. Izan ere, gabezia gordinak ditu gobernu programak, batez ere gizarte gaietan. Irizpide neoliberalei jarraitzen die, merkatuaren menpe uzten ditu zerbitzu publikoak, ez da gai herritarren oinarrizko eskubideak ziurtatzeko eta gizarte gizarte poliketan ez du behar adina inbertitzen.

Hirukoa osatzen duten alderdiek behin eta berriz adierazten dutenez, herritarren ongizatea da euren kezka nagusia. Hala ere, gobernu programa aztertuta, argi dago hori gezur hutsa dela. Gaur egun, Jaurlaritza tematuta dago zor publikoa murriztu, gastu publikoa estutu eta aurrekontuetan superabitak lortzearekin, eta ez du behar beste inbertitzen herritarren bizi baldintzetan, batez ere gehien behar duten herritarren artean. Jende askori ukatu egiten zaizkio legeak finkatutako gizarte eskubideak. Politika ekonomikoaren morrontzatik askatu eta pertsonen zerbitzura egoteko aukera hobetsi beharko luke Jaurlaritzak.

ELA, ESK eta STEE-EILAS-ek aurkeztutako proposamenak gizartearen alor guztiak barnean biltzen ditu. Hala ere, osasunean eta hezkuntzan gastu publikoa handitzea, lan baldintza duinen aldeko neurriak hartzea edo edozein herritarrek etxebizitza duin bat izateko duen eskubidea bermatzea ezinbesteko neurriak dira. ELAk herritar ororen gizarte ongizatea bermatuko duen politika publikoak eskatzen ditu. Izan ere, gure gizarteak herritar ororen gutxieneko oinarrizko beharrak asetzeko adina baliabide ditu.

Ibarretxe lehendakariak berak askotan hitz egin du gizarte elkarrizketaz. Hala ere, oraindik ez die erantzun hiru sindikatuek bilera bat eskatuz egindako deialdiari. Agian, oso lanpetuta egongo da egunero enpresariei sariak banatzen.