Gizarte politikak indartu (Astekaria 217. Editoriala)
Horra hor, hauteskunde kanpainaren atarian, non ageri zaizkigun alderdi politiko ezberdinetako hautagaiak gizarte politikei buruz dituzten asmoak eta plangintzak plazaratuz. Dirudienez, gizarte politikek kokagune garrantzitsua hartu dute hauteskunde programetan, jendearekiko hurbiltasunak horrela eskatzen omen duelako garai honetan.
Programaz gain, gizarte politikak zuzentzen diren norabidean dago funtsezko gakoa. Herritarren eskubide eta beharrei erantzungo dizkien neurriak eta baliabideak aurrikusi behar dira eta, horretarako, gizarte-gastua gehitzea ezinbestekoa da. Jendarteak bere bizi baldintzak hobetuz doazela egunerokotasunean sumatu behar du, bereziki etxebizitza, osasun, hezkuntza, gizarte-zerbitzu, oinarrizko errenta eta, orohar, gizarte gaietan.
Bestelakoak dira, ordea, agintean dauden arduradunen ikusmoldeak eta praktikak: gizarte gaietarako politika publikoak antzuak agertzen dira jendearen beharrak eta eskubideak bermatzeko. Azken urteotako egoera ekonomikoa onuragarriak ez du abantailarik suposatu hazten ari diren gizarte beharrei tajuz heltzeko. Aldiz, barne produktu gordinaren arabera, gizarte politikei zuzendutako ekarpenak geroz eta murritzagoak dira.
Herritarrek oso gertukoak ditugun hezkuntza eta osasungintza publikoak dira, besteak beste, horren adierazle nabarmenak. Urteroko aurrekontuetan diru ekarpenak txikiagoak dira hezkuntza eta osasun sistemaren beharrei eusteko. Joera honekin are eta gehiago Europako herrien bataz bestekoarekin alderatzen badugu hezkuntza eta osasungintzan kalitatezko sistemak lortzetik urruntzen ari gara.
Aginte publikoak hezkuntza eta osasungintza bide okerretik daramatzateb uste osoa du jendarteak aspaldidanik. Bitartean, sistemaren euskarri diren sektore bietako langileek ere kezka eta haserrea azaldu dute hainbat mobilizazioen bidez. Hautes-programaz gain, jendeari sor zaion begirunez bideratu behar dira gizarte politikak.