Gizonezkoek istripuak izaten dituzte, emakumezkoak gastatu egiten dira

2002/04/17

Osasuntsu bizitzea bere osotasunean aztertzen badugu, hau da, pertsonaren ongizatea aztertzen badugu bai bere egoera fisikoan, psikikoan eta sozialean, eta ez gaixotasun ezean bakarrik erreparatu, orduan, nazioarteko laneko osasunaren egunak eskuarki ikusten ez ditugun beste konnotazioak hartzen ditu.

Batez ere, emakumezkoak propio jasaten dituzten kalteak ohiko segurtasun eta higiene irizpideak erabiltzen direnean, ikusi ere ez dira egiten; lan-, denbora- eta erantzukizun-banaketa antolatzearekin zerikusia duen guztia albo batera uzten baita. Osasuna, batez ere, gizonezkoen ikuspegitik aztertzen denez, emakumezkoen osasunak dituen hainbat eta hainbat arrisku direnik ere ez dakigu. Horrexegatik ahazten ditugu, eta ahaztuta ditugunez, ez ditugu aurreikusten.

Mia Matta, Bizi-baldintzak Hobetzeko eta Ikertzeko Fundazioaren zuzendariaren iritzian, “osasunarekin zerikusi zuzena duten arazoen iturria ez da sexua, lan-baldintzak baizik”. Hau da, oinarri-oinarrizkoa da jakitea non egiten duten lan gizonezkoek eta emakumezkoek eta zer nolako lan-baldintzak dituzten horiek biltzen diren guneetako sail ezberdinek.

Nahiz eta emakumeek, gaur egun, lan mundura eman duten urratsa begien bistakoa izan, esan gabe doa lanean hasteko, lanean jarduteko, promozionatzeko eta lana uzteko baldintzak, gizonezkoen modukoak izateko, oraindik orain asko falta dela.

Emakumezkoak dira gehien bat lana aldi baterako dutenenak, sektore jakin batzuetara bultzatuak direnak (zerbitzuetakoetara batez ere), eta kategoriarik baxuenetan jarduteko. Emakumezkoentzat da, batez ere, lanaldi murriztuan eskaintzen dena. Emakumeak promozioetan eta soldatan diskriminatu egiten dira. Beraiek dira sexu-erasoak jasaten dituztenak, eta etxetik kanpoko lanaz gain, gehienetan, etxeko zeregin guztiak ere beraien kontu izaten dira. Honek guztionek lan jarduera bikoiztea dakar, eta emakumezkoen osasunean eragin zuzen-zuzena duten baldintzak sortzen ditu, inork aurreikusten ez duen egunetik egunerako gastatze eta makurtze eten gabea eraginez. Emakumezkoen gaixotasunen sorburua, sarri askotan, ez da lan-gaixotasuntzat jotzen, eta jarrera honek areagotu egiten ditu oraindik berez larriak diren arazoak.

Alde batera utzi dira garai batean emakumeak babesten zituzten neurriak eta langile guztientzako ustezko neurri berdinak hartu dira, pentsatuz, bai gizonezkoak eta bai emakumezkoak, lan-baldintza beretan ari direla. Hala ere, alde bateko eta besteko esperientziak diosku ustezko berdintasun horrek hasieratik bertatik diren ezberdintasunak estaltzen dituela, eta, askotan, aurreikusten diren neurriak eraginkorrak ez izateaz gainera, kaltegarriak izan daitezkeela emakumezkoentzako. Sor daitezkeen arazoei erantzun egokia emateko, beharrezkoa da, beraz, genero ikuspegiaz aztertzea lan-baldintzak eta lan-arriskuak. Eta behar-beharrezkoa da, gainera, aurreikuspen-neurriak hartzea osasuna bere zentzurik zabalenean hartuta eta genero ikuspegia kontuan izanda.

Adibidez, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna ahalbideratuko duten neurriak bultzatu beharko dira. Neurri hauek lan zein sozial mailako berdintasuna bultzatu behar lukete eta baita lan-karga, lan-mota eta lan-denboren banaketa orekatuagoa —ordaindu zein ez—.

Era berean, beharrezkoa da, mediku errebisioetarako protokoloak berraztertzea. Eta lan-medikuntza berak ere kontuan izan behar lituzke ezberdintasunak bere ikerketa eta lanetan, emakumeen osasuna bere osotasunean hartuz.

Amaitzeko, emakumezkook delegatu sindikal gisa, prebentzio delegatu moduan eta osasun eta seguritate komitekide gisa parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu gura dugu. Arlo honetan emakumeek jarduteak euren arazoak azaleratzea ekarriko du, eta, horrekin batera, gainditzeko bideak aurkitzea.



Eusebio Alberdi
ELAko Komite Exekutiboko kidea . Lan Osasuneko Gabineteko arduraduna.

Begoña Diez de Ulzurrun
Genero-Politika Saileko arduradun konfederala.